Lau antzerki obra eta Eztena eraberritua aurkeztu dituzte gaur

Apirila eta maiatzean antzerkiaz gozatzeko aukera izango dute haur, gazte zein helduek. Hala adierazi dute Ion Collar Kultura zinegotziak eta Iker Tolosa Kultura teknikariak prentsa aurrean. Eurekin batera, Eztena arte eszenikoen jaialdiaren antolakuntza taldeko kide diren Oier Guillan eta Iraia Elias izan dira. Izan ere, 2019ko jaialdiak berrikuntza ugari dakartza eta horien berri eman dute azken biek.

Tolosak azaldu du, maila handiko 4 obra hartuko dituela Niessen Kulturguneak datozen bi hilabetetan.

Hasteko, ostiralean, hilak 5, Baionako Hecho en casa konpainiak ‘Cyrano’ lana oholtzaratuko du familiarteko publikoari zuzenduta. 18:00etan hasiko da saioa. Igandean, hilak 7, Borobil Teatroaren azken lanaz gozatzeko aukera izango da ‘Roman eta Julieta’rekin, 19:00etan.

Maiatzaren 12an, 19:00etan, Huts Teatroak, Jimmy lagunaren hilotza hozkailu batean daramaten Maite eta Karlosen bizipenak oholtzaratuko ditu ‘Hozkailua’ antzezlanarekin. Amaitzeko, maiatzaren 31n Sun Magoak magia gertutik ezagutzeko aukera eskainiko die txikienei ‘Liluraren Laborategia’n, 18:00etan.

Obra hauekin, amaiera emango die Niessen Kulturguneak arte eszeniko profesionalen denboraldiari udazkena arte. Bitartean, udako hilabeteetan, herriko kaleeak bilakatuko dira eszenatoki.

‘Atarian’ ekimenaz ere hitz egin dute, eta igandetan programatzen diren helduentzako ikuskizunen ostean, publikoak artistekin solasaldi bat izateko aukera izango duela adierazi dute: “Esperientzia berriak eskaini dizkiegu herritarrei eta arte eszenikoen esparrua barrutik ezagutzeko aukera eman. Horretarako, Kulturguneko hallean biltzen gara, kopa bat ardo eskaintzen dugu eta lagunartean, berriketan aritzen gara. Giro berezia sortzen da ikusle eta artisten artean”. Ainara Gurrutxaga antzerkigile eta kazetari errenteriarrak gidatzen ditu solasaldiak eta bi hilabete hauetan, ‘Roman eta Julieta’ eta ‘Hozkailua’ antzezlanek eskainiko dute atarian geratzeko aukera.

Eztena eraberrituta

Beren aldetik, Eliasek eta Guillanek esan dute, Eztena arte eszenikoen jaialdia guztiz eraberritua datorrela aurten, formatua erabat aldatuta. Hiru sormen egonaldi antolatu dituzte, proiektu bakoitza zuzendari batek gidatuta. 20 antzezlek izango dute aukera egonaldietan parte hartzeko eta hilabete batez herrian lan egitera gonbidatuko dituzte, “bertan bizi eta herriaren bizitzaz elika daitezen”.

Euren hitzetan, “zuzendari gonbidatuek euren lengoaiak eta poetikak partekatuko dituzte parte-hartzaileekin. Izurrite baten moduan pasioa, sormenaren izaera kritikoa eta batez ere jolasa kutsatuko dituzte. Antonin Artaudek zioen bezala teatroa erritual bat delako, erraietatik bultzaka datorren izurrite gordin eta eder bat”.

Ekainaren 21, 22 eta 23an erakutsiko dira laborategien emaitzak, Eztena jaialdian. Formatu aldaketa hau posible izateko, Eztenaren “ezinbesteko bidelaguna” Errenteriako Udala izan dela ere aipatu dute.

Agerraldia, laborategietan parte hartzeko deialdiaren berri emateko baliatu nahi izan dute Eztenakideek eta interesdunek informazio guztia, www.eztena-laborategiak.info webgunean topa dezaketela jakinarazi dute. Nahiago duenak eztena2019@gmx.com helbide elektronikora idatz dezake edo 666 33 04 19 / 652 76 78 06 telefono zenbakietara deitu.

Amaitzeko, Ion Collar zinegotzia pozik agertu da Eztenaren mailako jaialdi bat herrian izateagatik eta sorkuntzaren bidean, Udala egiten ari den lanaren erakusle izategatik: “Garrantzitsua da sorkuntza disziplina guztietan sustatzea. Horrelako ekimenek aberastu egiten dute herria eta proposamen berritzaileak garatzen laguntzen dute”.

Horrez gain, herritarrak Niessenek eskainiko duen programazioaz gozatzera animatu ditu eta aurkeztutako programazio osoa Banbalinak izeneko arte eszenikoen agendan eta kultura.errenteria.eus webgunean aurki daitekeela gogorarazi du.