Oporretarako planak

Oarsoaldea Turismoak jai egun hauetan etxetik hurbil egiteko plan ugari proposatzen ditu.

Errenteria

Errenteriako Erdi Aroko alde zaharrean barrena has daiteke, Multzo Historiko Artistiko bezala dago katalogatua. Bertan dago Kapitainetxea, Jantziaren Zentroa kokatzen den jauretxea hain zuzen, mendeetan zehar janzkerak izan duen eboluzioa erakusten duena. Orain “Lihoa berreskuratuz” aldi baterako erakusketa bisitatu daiteke.

Ondoren bidegorrian barrena Fanderiako Errotara zuzentzea da proposamena, barrutik ikusi eta bere mekanismoaren funtzionamendua ezagutzeko, zein irina egiten ikusi edota ibaiko esploratzaile bihurtzeko.

Eraikin honek industriak Errenterian izan duen indarra eta bilakaera aditzera ematen du. Izan ere, dagoeneko XV. mendean bertan kokatzen zen burdinolak uraren indarra erabiltzen zuen energia eragile gisa. Burdinola hori, urteetan zehar, fanderia, errota eta irin eta pentsu-lantegia ere bilakatu zen. 1996. urtean itxi zen.

Fanderiako Errotan Oiartzun eta Urumea ibaien ekosistemak Errenteriako udalerriari emandako onurak eta historian eman diren erabilera anitzak antzemateko erakusketa iraunkorra eskaintzen du. Astebururo eta baita festa egunetan ere 10:00etatik 14:00etara bisitatu daiteke, bi ikus-entzunezko eta hainbat informazio panelek gure kabuz bisitatzeko aukera emango digute eta gida batek errotarriak martxan jarri ez-ezik, ibaiaren ondare natural eta kulturalean bisitaria murgilduko dituen azalpenak emango ditu.

Gainera, Aste Santu honetan bi bisita mota berezi eskainiko dituzte: batetik, ostiralean, apirilak 19, goizeko 12:00tan errotarriak martxan jarriko dira baina oraingoan irina egiteko asmoz, hurbiltzen diren orok etxera eramateko aukera izateko. Bestetik, igandean, apirilak 21, goizeko 12:00etan ere bai, ibaira hurbilduko dira bertako ekosistema aztertzeko bere balio ekologikoa ezagutzera emanez: uraren analisia, bertako fauna eta flora eta gizakiaren eragina aztergai izango dira. Jarduera hauek doakoak eta parte hartzera irekiak dira, eta euskaraz nahiz gazteleraz egin daitezke.

Horretaz gain, 27an Sagardo Eguna ospatuko da Errenteriako Alamedan eta Foru Plazan.

Lezo

Lezon XVI. mendeko Santo Kristo Basilika bisitatzea aholkatzen dute, Kale Nagusitik bisita jarraituz, bertako armarridun eraikinak kontenplatzeko. Beste aukera bat Bekoerrota kiroldegitik abiatzen diren hiru mendi-ibilbideetako bat egitea da, ingurune naturala eta kulturala ezagutzeko aukera ematen dutelarik.

Pasaia

Pasaian aski ezagunak dira bere hirigune historikoak, itsas-tradizioa, jatetxeak… Baina zenbait nobedade daude aurten: ikusten duzue zuen burua belaontzi tradizional batean badiako uretan nabigatzen? Ostarte Sailing enpresak 50 minutuko irteerak eskainiko ditu Lucretia belaontzi ikusgarrian. Txartelak Pasaiako Turismo Bulegoan egongo dira eskuragarri.

Ostiral Santuan, apirilak 19, 20:30ak aldera, Donibanen Ehorzketa Santuaren Prozesioa ikusi daiteke, orain berriro interes turistikoduna deklaratuta izan dena.

Beste proposamen bat Terrakotazko Gerlarien erakusketa da, Trintxerpeko Ciriza Etxean ikus daitekeena ekainaren 16 arte. Albaola Itsas Kultur Faktorian euskal balezaleen abenturak ezagutu daitezke eta San Juan ontziaren eraikuntza zuzenean ikusi.

Pasai San Pedrotik atera gabe, Mater atunontzi tradizionalak bisita gidatuak eskainiko ditu itsasontzi barruan. Apirilaren 13an trekking irteera bat egongo da Jaizkibeletik. 19 ostiralean bisita gidatua eskainiko da Lonja ezagutzeko eta, 21 igandean, Mater itsasontzian bertan kontserba tailer tradizionala 12:00etan. Itsaslabarrak ikusteko Itsasontzian irteera bat egiteko aukera ere eskainiko dute apirilaren 18, 20 eta 22 egunetan. Jarduera eta bisita guztiak aldez aurretik erreserbatu behar dira bai 619814225 telefonora baita info@matermuseoa.com emailera ere.

Oiartzun

Ezinbesteko puntua Aiako Harria Parke Naturalean ibilbideren bati ekiteko. Oiartzun ibaiaren ibilbidea jarraituz Arditurriko Bide Berdea aurkitu daiteke, herriko hiru museoetara daramana. Lehenengo geldialdia Soinuenea, Herri Musikaren Txokoa da, euskal herri-musikan erabilitako musika-tresnak biltzen dituen erakusketa handia. Aurrerago, Luberri, Euskal Herriko Geologia Museoa aurkitu daiteke. Bide Berdearen bukaeran Oiartzungo hirugarren museoa bisitatu daiteke, Arditurri Meatze-gunea, bisita gidatuen bidez Erromatar garaian ustiatzen zituzten meazuloetan sartzeko aukera ematen duena.

27an Tren Berdearen zerbitzu berezia eskainiko da, meategietaraino eramango duen tren txu-txu bat. Hau guztirako, beharrezkoa izango da aldez aurretik erreserba egitea.

Informazio gehiagorako:

  • Errenteriako turismo bulegoa

Madalen, 3, Errenteria

  • Pasaiako turismo bulegoa

Donibane 63, Victor Hugo Etxea, Pasai Donibane

  • Oiartzungo turismo bulegoa

Aialde 2, Oiartzun

www.oarsoaldeaturismoa.eus