Zaunk enpresak emango du zakurrak eta beste etxe-animalia batzuk jasotzeko zerbitzua

Errenteriako Udalak erantzun egin nahi die prentsa oharrean Kireba enpresari animalien jasotze zerbitzuaren lizitazioaren harira egindako adierazpenak direla-eta. Udalaren iritziz, bi puntu bereizi behar dira argi eta garbi, biek ala biek ez baitute zerikusirik: alde batetik, zerbitzuaren kalitatea animaliak jasotzeko garaian eta animaliei tratu egokia emateko garaian; bestetik, enpresa-adjudikazio hartzaile berria ZAUNK izatea ekarri duen lizitazio publikoaren prozesua.

Animalien ongizateari eta jasotzen duten tratuari dagokienez, gogorarazi behar da 2011. urtean, gobernu aldaketa gertatu zenean, zerbitzua emateak urteko 9.000 euroko aurrekontua zuela. Nolanahi ere, eta kontuan hartuta garai horretan ematen zen zerbitzua kalitate eskasekotzat jotzen zela, Udalak baldintzak aldatu eta apustu garrantzitsua egin zuen, jasotzeko moduari zein animalia horien zaintzari zegokienez. 2016an Kireba enpresa kontratatu zenean, zerbitzuaren kostua urteko 40.000 eurokoa zen, hau da, 2011n zuen kostuaren halako 4,5 ia, Udalean zegoen kezkaren eta animalien ongizatea bermatuko zuen kalitatezko zerbitzua izateko apustuaren ondorioz.

Lizitazio prozesuari dagokionez, nabarmendu behar da inork ez zuela baldintza-agiria errekurritu eta lizitazioa Zaunk enpresak eskuratu zuela beste enpresa batzuekin lehiatu ondoren. Kireba enpresak ere lizitazioan eskaintza aurkeztu zuen. Esan beharra dago Kireba enpresak puntu bakar bat gehiago lortu zuela balorazio teknikoan eta puntuazio nabarmen baxuagoa balorazio ekonomikoan. Hau da, nahiz eta lizitazioaren amaierako puntuazioan balorazio teknikoak %20 eta balorazio ekonomikoak %80 balio izan, ehunekoak alderantzikatuta ere (%20 balorazio ekonomikoa izango balitz eta %80 teknikoa) Kireba ez zen enpresa adjudikazio-hartzailea izango.

Horretaz gain, Zaunk enpresak jasotako balorazioen artean ondoen balioetsitako alderdien artean zeuden enpresak albaitari propioa edukitzea, animaliak 40 minututan entregatzeko konpromisoa hartzea eta animaliak jabeen etxebizitzan zein udal egoitzetan entregatzeko eskaintza egitea. Dena dela, ZAUNK etxe-animaliak jasotzeko zentro integrala da eta Eusko Jaurlaritzak onartutako animalia abandonatuen edo galduen kudeaketarako protokoloa betetzen du eta animaliak adoptatzearen aldeko sustapen handia egiten du.

Era berean, Errenteriako Udalak bere harridura adierazi nahi du Kireba enpresak lizitazioan lehiatu eta galdu ondoren eman duen erantzunagatik, eta lizitazioan galdu duena beste modu batean lortu nahi izateagatik, enpresa gisa ere baduelako enpresa-interesa. Kontratazio mota hau legez horrela egin behar da, lizitazio publiko batean beste enpresa batzuekin lehiatuta. Horretaz gain animaliekiko ongizatea bermatzea handitzen joan den presupuestoen baitan dago, ala nola pleguetan. Beraz, Kireba enpresak uste bazuen ongizate hau ez zela betetzen pleguak errekurritu zitzakeen edo bere burua ez aurkeztu. Baina ez amaiera arte itxoin eta esleitua izan den enpresa beste bat dela ikusitakoan, udal honek ulertzen ez duen bide bati ekin dio.

Nolanahi ere, Udalaren asmoa da animaliak jaso eta zaintzeko kalitatezko zerbitzua izatea, 2011tik 2018ra bitarte eskainitako zerbitzuaren bidez erakutsi duen bezala. Hori da helburu horretarako jarritako aurrekontuak izandako igoera handiaren arrazoia. Horretaz gain, pixkana-pixkana lehiaketara ateratzen dituen kontratu publikoak aztertzen aritu da Udala, egiten ari den bezala gizarte klausulak txertatzen joateko. Ildo horretan, esan beharra dago gizarte, hizkuntza, ingurumen eta berdintasun irizpideak sartu direla, besteak beste. Halaber, Kontratazio Publikorako Lege berriak arestian irekitako atea baliatuz, apustu sendoagoa egin du irizpide tekniko eta kalitate alorreko irizpideen alde, eta gutxiago irizpide ekonomikoengatik.

Horiek horrela, Udalak konpromisoa hartzen du lizitazio publikorako irizpideak hobetzen joateko, irizpide ekonomikoen gainetik gero eta gehiago lehenesteko kalitate eta gizarte alorreko irizpide objektiboak, eta kasu honetan, zehazki, Miauka bezalako elkarteekin eskutik joateko, zerbitzu honen kalitatea hobetu eta animalien interesak babesteko.