Ekintza ugari eta liburua Pontikaren 50. urteurrena dela eta

Pontika auzoaren 50. urteurrena ospatzeko sortu duten batzordeak egitaraua eta ‘Pontika. Iragana eta azken 50 urteak’ liburua, urteurrenaren bizkarrezur izango dena, aurkeztu zituzten atzo.

Batzordekideek azaldu zuten egitaraua bizilagunen zein herriko beste lagun eta eragileen laguntzari esker sortu dutela (txistukariak, abesbatzak, elkarteak, etab.).

Ekintza gehienak maiatzaren 15etik ekainaren 9ra izango dira, baina bat, Mus txapelketa hain zuzen ere, dagoeneko hasi da.

Aurkezpenean ‘Pontika. Iragana eta azken 50 urteak’ liburuaren egilea den Luis Elberdinek ere hartu zuen parte, eta azaldu zuen liburuaren hasierak non egon behar zuen pentsatzen hasi zirenean, zalantzak izan zituztela: auzoaren 50 urteak soilik jorratu, ala atzerago jo. Azkenik bigarren aukera horregatik egin zuten apustu, eta ondorioz XV. menderaino egiten du atzera liburuak, gaur arte, eta etorkizunerako erronkak ere mahai gainean jartzen ditu.

Lanak auzoko informazio eta bitxikeriaz hornitutako 568 orrialde ditu, elebitan. Gainera, 1200 irudi inguru ditu: argazkiak, grafikak, etab.

Liburua maiatzaren 15ean aurkeztuko dute jendaurrean, 19:00etan, Pontikako auzo elkartean, eta data horren bueltan salgai egongo da herriko hainbat taberna, liburu-denda eta dendetan.

Egitaraua

Beheko irudi honetan urteurren berezi hau ospatzeko antolatu dituzten ekintzak ikus daitezke.