Eskola triatloi jardunaldia egongo da larunbatean

Maiatzaren 4an (larunbata) eskola Triatloi eskola jardunaldia egingo da, Oarsotri Happytalde Triatloi Klubak antolatuta, Errenteriako Udalaren laguntzarekin. Proban Oarsoaldeko ikastetxeetako 350etik gora neska-mutilek parte hartuko dute.

Parte-hartzaileek beren trebezia erakutsi beharko dute korrika eta igeri egin eta bizikletaz ibiltzeko garaian, 50 metro igeri, 1.400 metro bizikletaz eta 650 metro korrika egin beharko baitituzte. Parte-hartzaile bakoitzak ekintza bakoitzerako beharrezkoa duen ekipamendua eraman behar du. Igeriketarako txanklak, txanoa, bainujantzia eta betaurrekoak. Bizikletaz ibiltzeko kaskoa, kamiseta, zapatilak eta bizikleta. Eta, azkenik, korrika egiteko kamiseta eta zapatilak.

Jardunaldi horretako igeriketa probak Fanderiako igerilekuan egingo dira, oinez egingo den lasterketa, bidegorrian, eta txirrindularitza proba, berriz, Touring eta Fanderia etorbideen arteko hiri zirkuituan, hain zuzen ere Euskotren geltokiaren eta Fanderiako futbol zelaiaren sarrera nagusiaren artean. Norabide bikoitzeko zirkuitua izango da. Probaren irteera eta helmuga Fanderiako Igerilekuaren parean egingo dira, zirkuituaren erdiko gunean. “Trantsizio” gunea, kirolariek ekipamendua aldatzeko erabiliko duten gunea, Fanderiako igerilekuaren soropilean kokatuko da.

Triatloiak bi trantsizio izango ditu: igeriketatik txirrindularitzara eta txirrindularitzatik korrika egitera. Trantsizio horietan parte-hartzaileek modalitate bakoitzerako beharrezko ekipamendua jarri eta kendu beharko dute modu egoki eta seguruan. Oarsotri Happytalde Triatloi Klubaren boluntarioek laguntza emango dute jardunaldian. Era berean, OTXE elkarteak (Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskola) laguntza eskainiko du bizikletaren mekanikarekin zerikusia duten alderdietan. Zirkuitua trafikorako itxita egongo da erabat eta hesiak jarriko dira jendea sar ez dadin. Fanderiako Pilotalekua prestatuko da kontsigna jartzeko.

Trafikoa moztuta egongo da

Zirkuitua trafikorako itxita egongo da maiatzaren 4an (larunbata) 8:00etatik 14:30era. Zirkulazioa Fanderia Etorbideko 17 zenbakitik aurrera ere moztu egingo da.

Era berean, zirkuituaren seinalizatutako eremuetan ezin izango dira ibilgailuak aparkatu maiatzaren 3ko (ostirala) 15:00etatik larunbateko 15:00etara. Halaber, proban zehar ezin izango dira mugitu Fanderia Etorbidearen 1etik 15era bitarteko garajeetan eta zirkuituan aparkatuta dauden ibilgailuak. Era berean, proban zehar, Dario de Regoyos kaleko garajeetan dauden ibilgailuek bertatik irten ahal izango dira, baina ezin izango dira bertara sartu.

Parte-hartzaile nahiz Fanderiako kirolgunera hurbildu nahi duten pertsonei bizikletaz edo oinez bertaratzea gomendatzen diete; izan ere, Fanderiako kaleak trafikoarentzat moztuta egongo dira eta ibilgailua erabiltzea eta aparkatzea zaila gerta liteke.

Igerilekua ixtea

Lehiaketa hori dela eta, Fanderiako igerilekua eta hidroterapia gunea larunbatean itxita egongo dira 9,00etatik 14,30era. Instalazioko gainerako guneak irekita egongo dira ohiko ordutegian. Nahi duten pertsonak Galtzarabordako Kiroldegira joan daitezke.

Errenteriako Udaletik egoera hori ulertzea eskatu nahi dute kirol jarduera hori dela eta eragozpenaren bat izango duten pertsona guztiei.