Egitarau zabala egongo da maiatzean Emakumeen Etxean

Errenteriako Emakumeen Etxeak hainbat ekintza antolatu ditu hilabete honetarako:

Alde batetik, maiatzaren 9an Emakumeak eta pentsioak mahai-ingurua antolatu dute, arratsaldeko 18:30ean. Bertan, emakumeek beraien lan ibilbidean zehar hartzen dituzten erabakiek pentsioetan zer eragin daukaten aztertuko da edo pentsioetan ematen den genero arrakala azalduko da, besteak beste. Gaia hiru ikuspegi ezberdinetatik landuko da: pentsionisten, sindikalgintzaren eta gazteen ikuspegietatik.

Bestetik, maiatzaren 14an Zauria(k). Eromena. Gorputza. Feminismoak dokumentala proiektatuko da, arratsaldeko 19:00etan. Ondoez psiko-soziala eta genero bizipenak uztartzen dituen ikus-entzunezkoa da eta proiekzioaren ondoren eztabaidarako unea irekiko da.

Azkenik, maiatzaren 30ean, arratsaldeko 18:30ean, Sorginlore Gizarte Elkartearen eskutik Komunikazioa feminismotik eraldatzen izeneko mahai-ingurua antolatu da. Bertan, pertsonen arteko komunikazioan islatzen den matxismoa aztertuko da. Gaur egun, emakumeok, hainbat era anitzetan hori eraldatzen ari gara eta esperientzia horien elkar trukea eta hausnarketarako espazioa irekiko da. Zehazki, hiru ikuspuntutatik jorratuko da gaia: ART-ibismotik, Laura Contresaekin; umoretik, Beatriz Egizabalekin eta ikus-entzunezkoetatik, Maddi Castrorekin.

Era berean, maiatzean Eskola Feministako bi ikastaro berri hasiko dira eta oraindik izena emateko zabalik dago:

Autodefentsa feminista. Ikastaro honen helburua da erasoak identifikatzea eta indarkeria nola sortzen eta eraikitzen den aztertuko da. Era berean, mekanismoak eta ekintzak bilatuko dira eguneroko bizitzan jasaten diren eraso egoerei erantzuteko.

Ikastaroa maiatzaren 11n izango da, larunbata, 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 19:30era.

Desprintzesatze tailerra. XXI. mendean emakumeok ez dugu bizitza dorre batean ematen printze bat etorri eta salbatuko gaituen esperantzan. Baina badira “printzesa” izateko esperantzara eramaten gaituzten dinamika sozial asko.
Tailerrean lantzen da nola eragiten dieten dinamika horiek emakume izatearen inguruko gure bizipenari eta tresnak planteatzen dira norbera aske izan dadin izan nahi duen emakumea izateko.

Ikastaroaren iraupena 5 saiokoa izango da, maiatzaren 16tik ekainaren 13ra, ostegunetan, 18:00etatik 20:00etara, gazteleraz.

Ikastaroa Faktoria Lilako kidea den Irantzu Varelak emango du.
Ikastaro guzti hauek doakoak dira eta izena emateko bide ezberdinak daude: Zu! Zure Udala- Arreta Zerbitzuan, internet bidez edo e-mailez (eskolafeminista@errenteria.eus).

Ikastaroez gain, Eskola Feministak bi talde eskaintzen ditu, urte osoan zehar irekita daudenak :

– Indarkeriarik gabeko bizitzaren aldeko emakumeak

– Emakume zaintzaileentzako topagunea

Gainera, AZALEAN Sexu Aholkularitza zerbitzua eskaintzen da Emakumeen Etxean, hilabetearen 2. ostegunean, 18:00-20:00, hitzordurik gabe, edo edozein unetan, WhatsApp bidez eta telefonoz, zenbaki honetara 617 420 730 deituz edo email honetara azalean@errenteria.eus idatziz.

Emakumeen Etxea ateak irekita ditu astelehen eta ostiraletan 9:00etatik 13:00etara, eta asteartetik ostegunera arratsaldez, 16:00etatik 20:00etara.

Telefonoa: 943 449 630

emakumeenetxea@errenteria.eus

Maiatzeko egitaraua hemen deskargatu daiteke.