Udalaren 2018ko aurrekontuen likidazioa positiboa izan da

Gardentasuna | Udal komunikabidea 2019-05-03 | 0

Udalbatzak asteartean eman zuen Errenteriako Udalaren 2018ko aurrekontuen likidazioaren emaitzen berri. Orain arte egindako finantza-kudeaketak aukera eman du ekitaldia ixteko egoera ekonomiko onean eta aurrezki nabarmenarekin.
Zehazki, betebehar onartuak igo dira 52.960.000 eurora, eta horrek suposatzen du aurrekontuaren exekuzio-maila % 80 izatea. Alabaina, kontuan hartzen baditugu diruzaintzako gerakinetik txertatu diren 7 milioiak –horietatik zenbait gauzatu eta ordaindu dira jada– beste % 10 gehituko litzaioke exekuzio-maila horri.

Horrez gain, likidazioaren emaitzak utzi du 4.400.000 euroko gerakin likidoa, jarraitzeko beharrei erantzuten eta burutzeko aurrekontuetan aurreikusi ez ziren jarduketak.

Likidazioaren aurkezpena momentu egokia denez Udalaren finantza-sistemari buruzko laburpena egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko udalerri guztien likidazioetarako argitaratzen dituen adierazle ekonomikoak baliatuko ditugu horretarako.

Foru Aldundiaren adierazleek erakusten dute likidazioaren emaitza horiek lortu ahal izan direla zorra murriztuta, aurrezki garbia sortuta eta karga fiskala gutxituta.

Laburbilduz, eta aipatutako adierazle ekonomikoekin jarraituta, aurkeztutakoen artetik hiru azpimarratu nahi ditugu, Errenteriako Udalak azken urteetan egindako kudeaketaren emaitza eskematikoki islatzen dutelako:

1- Zorra: % 5 gutxitu da.

2- Aurrezkia: 2018an % 10eko aurrezki garbia sortu da, alegia, 5.300.000 eurokoa.

3- Karga fiskal propioa: karga fiskal propioa murriztu da, hala zergetan (% 1) nola tasetan (% 2).

Hartara, hasieran aurkeztutako likidazio-emaitzak lortu dira zorra murriztuta, aurrezki garbia sortuta eta karga fiskala gutxituta, eta horrek adierazten du baliabide publikoak eraginkortasunez eta arduraz kudeatu direla eta horri esker itxi dela ekitaldia finantza egoera onean.

No comments yet.

Utzi erantzuna