Landarbaso abesbatzak ‘8th Bali International Choral Festival’ jaialdian parte hartuko du

Landarbaso abesbatzak ‘Bali International Choral Festival’ jaialdiaren zortzigarren edizioan parte hartuko du uztailan, Bandung Choral Society-k gonbidatuta.

Lehenago ere jaso izan dute parte hartzeko gonbitea, baina orain arte ezin izan dute joan. Landarbaso da Baliko aurten jaialdi horretan parte hartuko duen europar abesbatza bakarra.

Abesbatzaren zuzendari den Iñaki Tolaretxipik Indonesiako koruen kalitatea nabarmendu du, eta nazioarteko jaialdietan lorpen handiak lortu dituztela esan du. Adibidez, iaz ez, baina aurreko bi urteetan, Tolosako lehiaketaren irabazleak talde indonesiarrak izan ziren.

Landarbasoko 38 kidek hartuko dute parte Baliko jaialdian, bi modalitatetan: eliz-musika eta abesbatza mistoak. Zailtasun handiko eta ahots-eskaera maila altuko lanak abestuko dituzte, eta nazioarteko ospe oneko epaimahai batek epaituko ditu.

Lehiaketaz gain, jaialdian tailerrak ere egongo dira, eta Landarbasoko kideek bertan parte hartuko dute, bai ikasle eta bai irakasle gisa.

Tolaretxipik eta Kultur zinegotzi den Ion Collarrek azpimarratu dute lehiaketan, maila oso altukoa dena eta, beraz, ardura eta presio handia suposatzen duena, Dizdizka abesbatzako hiru gaztek parte hartuko dutela. Adierazi dute hori apustu eta arrakasta handia dela, taldea etxeko ahotsekin osatzea suposatzen baitu.