Udalak herriko zenbait auzo zeharkatzen dituzten hiru ibilbideren orientazio mapak sortu ditu

Iazko azaroan lau ibilbide garatu zituen Udalak Listorretako parkean orientazio mapa izeneko tresnatik abiatuta. Orain, Errenteriako Udalak hiru ibilbide berri planteatzen ditu, hiri barnean, Errenteriako hainbat auzotan zehar ibiltzeko.

Lehenengoa Fanderian dago, bigarrena Alaberga, Galtzaraborda eta Beraunen barrena doa eta hirugarrenak, berriz, Agustinak eta Gaztaño zeharkatzen ditu.
Mapak, jarraibideak eta guzti http://herribizia.errenteria.eus/orientazioa web orritik jaitsi daitezke. Horretaz gain, eskuragarri daude Errenteriako Turismo Bulegoan (943 49 45 21).

Zertan datza orientazio ibilbide bat? Seinalizatutako ibilbide bat egin behar da, pistak bilatuz eta mapan zenbakiei jarraituz. Ibilbidearen puntu bakoitzean dagoen plaka aurkitu behar da, ibilbidearen amaieraraino iritsi arte.

Orientazio kirolak jarduera fisiko eta mentala uztartzen ditu, parte-hartzailearen autonomia jorratzen du eta toki eta ingurune berriak ezagutzea ahalbidetzen du. Bakarka, taldeka, familian, lehia edo aisialdi jarduera moduan egin daitekeen jarduera mota bat da.

Horretaz gain, orientazio mapa bat aisialdi eta turismo jarduera bat da baita ere. Joku edo kirol moduan ingurua ezagutzeko aukera dibertigarri bat bilaka daiteke, herrian ezagutzen ez dituzun txokoak ezagutzen lagun dezakeen jarduera alegia. Helburua da distantzi desberdinetako ibilbideak egitea soilik, mapa batean ageri diren orientazio jarraibideen arabera.

2017ko ekainean Errenteriako Udalak onartutako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Plan Integralak helburu estrategikoen artean jasoa du hainbat tresna eduki behar ditugula, esku-hartzeak barne hartzen dituzten irizpide orokor batzuk, hirigintzaren eremuan bizitza aktiboa sustatzeko eta hiri osasungarri bat egin dezagun. Ekimen hau helburu estrategiko horren baitan dago kokatuta.