Ostiralean hasiko da Musikaste jaialdiaren 47. edizioa

Ostiralean hasiko da Eresbilek antolatzen duen Musikaste jaialdiaren 47. edizioa eta programazioa aurkeztu dute gaur Julen Mendozak, Errenteriako Alkateak; Mikel Diezek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak; Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburuak; Jon Bagüések, Eresbileko zuzendariak; eta Andoni Sierrak, Andra Mari Abesbatzako zuzendariak.

Jaialdia maiatzaren 17tik 25era izango da eta musika garaikidea, antzinakoa, korala, sinfonikoa zein ganberakoa egongo dira entzungai, baita txikientzat kontzertu didaktikoak ere.

Julen Mendozak azpimarratu du aurtengoa urte berezia dela, duela gutxi hil baitzen Jose Luis Ansorena, eta bera izan zelako Musikasteren sortzaile eta arrastoa utzi duelako.

Gainera, jaialdia euskal musika ondarearen erakusleiho dela adierazi du, eta urtetik urtera geroz eta ekarpen gehiago egiten dituela.

Mikel Diezek eskerrak eman dizkio baita ere Jose Luis Ansorenari eta programazioaren inguruan azpimarratu du oso orekatua dela: batetik, Euskal Herriko herrialde guztietako musikagileak biltzen dituelako, eta bestetik musika genero asko eskainiko dituelako. Gainera, jaialdiak sortzaile berriei ere ematen dien aukera nabarmendu du.

Bingen Zupiriak Musikaste Eresbilek egiten duen lanaren erakusleiho handiena dela adierazi du. Gainera, hiru zentzutan nabarmendu du Musikastek egiten duen lana: lehengo egileen lanak errekuperatzen egiten duena (gainera emakumeen lanari garrantzia handia ematen dio), gaur egungo konpositoreen lanaren erakustoki da, eta Euskal Herrian gaur egun dagoen aberastasunaren erakusleiho da.

Azkenik Jon Bagüesek hartu du hitza programaren errepasoa egiteko. Baina horren aurretik esan du aurten Jose Luis Ansorenari eskaintzen diotela Musikaste, nahiz eta programazioan sartzeko astirik ez duten izan.
Hiru ildo nagusi nabarmendu ditu Baguësek aurtengo jaialdiaren programazioan:

1. Emakume musikagileak: kontzertu gehienetan musikagile emakumeen lana egon dadin saiatu dira, nahiz eta kasu batzuetan ez den erraza izaten horrelako obrak aurkitzea.

2. Gaur egungo egileak: 10 kontzertuetatik 6tan egongo dira bizirik dauden musikagileen obrak.

3. Bizkaia: batetik, Joaquin Ojinaga teklako maisu bilbotarraren irudia gogora ekarriko dute bere jaiotzaren hirugarren medeurrenean. Bestetik, Bilbao Orkestra Sinfonikoak eskainiko du amaierako kontzertua, bizkaitar musikagileen lanekin osatutako programa izango duena.

Programazioa

Ostiralean hasiko da Musikaste gaur egungo musikagileekin. 20:00etan Musikeneko musikagileen lanak joko ditu Ensemble Kuraia taldeak. Lehenago, 18:30ean, musikagile horiek mahai inguru batean parte hartuko dute.

Larunbatean bi kontzertu egongo dira: 18:30ean Jose Luis Echechipiak pianoan eskainiko duena eta 19:00etan Andra Mari Abesbatzak mezan emango duena, Echechipia organoan izango delarik. Kontzertu horretan nabarmentzekoa da Ignacia Olaizolaren lana.

Igandean bi kontzertu egongo dira goizean, eta beste bat arratsaldean: 12:00etan udal txistulari taldeak emango duena, 12:30ean Errenteriako Musika Kultur Elkarteko Bandak emango duena, zein 19:00etan Khantoria taldeak eskainiko duena. Azken honetan Ojinagaren kamerako musika izango da nagusi.

Datorren asteko aztelehenetik asteazkenera kontzertu didaktikoak egongo dira, 8-12 urteko haurrei zuzendutakoak.

Maiatzaren 23an, osteguna, kamerako musika kontzertua egongo da, oso herrikoia. Bertan, besteak beste, Benito Lertxundi, Juan Carlos Pérrez edo Xabier Leteren abestiak entzun ahal izango dira.

Maiatzaren 24ean, ostirala, kontzertu korala egongo da, Coral Virgen de la Paz-ez, Choeur Ascèsek, Landarbaso Abestatzak, Kalakanek eta Nayade Abesbatzak emango dutena.

Amaierako kontzertua Bilbao Orkestra Sinfonikoak eskainiko du, Andra Mari Abesbatzarekin, eta bizkaitar musikagileen doinuak izango dira nagusi. Kontzertua larunbatean, 20:30ean izango da.

Programazio osoa eta informazio gehiago Musikasteren web orrian ikus daiteke.