Badator Euskal Eskola Publikoaren Jaia!

Hementxe da Euskal Eskola Publikoaren Jaia, ekainaren 2an herria ekintzaz beteko duena, eta gaur egitaraua aurkeztu dute Koldo Mitxelena Eskolako patioan Julen Mendoza alkateak, Maialen Oliverik (Errenteriako Koldo Mitxelena eskolako ama), Lurdes Imaz-ek (EHIGEko koordinatzailea) eta Porrotx pailazoak.

Lurdes Imazek eta Maialen Oliverik egitarauaren nondik norakoak azaldu dituzte. Jaia sei gunetan egongo da banatuta: Koldo Mitxelena, Gamon Zumardia, Gernika plaza, Herriko plaza, Foru plaza eta Ondartxo. Bertan hamaika tailer, ikuskizun eta kontzertu gozatzeko aukera egongo da, familia guztiarentzako modukoak: Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Nogen, DJ Txurru eta Burguete, dantza, puzgarriak, Izaki Gardenak, Baloreak egitasmoa, Apaxi ipuin kontalaria, Aneguria, erakusketak, eta abar.

Gainera, hainbat ekintza ibiltari egongo dira herriko kaleetan barrena: EH 11 kolore, Euskorleans, Rockalean, EMKE banda, Reperkusion Feminista, trikitilariak, txistulariak, dantzariak…
Zerbait jateko aukera ere egongo da Zumardian: taloak, paella, Zaporeak-ek prestatutako jana, edota Eusko Label hanburgesak.

Lehenagotik hasi nahi dutenentzat, larunbatean ere egongo da zer egin eta ikusirik.

Beti egin ohi duten moduan, garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute. Kotxeak eta ikastetxeek antolatutako autobusak portuan aparkatuko dira, eta Karabanak, Mendi Lore Aldean.

Bestalde, Julen Mendoza alkateak eskerrak eman dizkie antolatzaileei eta hezkuntza eredu berria sortzeko deia luzatu du: “uste dut Guraso Elkarteak egindako lana urtean zehar izugarria izan dela. Konbentzituta nago hezkuntza komunitatea indartzearen garrantziaz, konbentzituta nago etorkizuneko hezkuntza berri batek bai ala bai behar duela komunitate osoa bertan inplikatzea eta horretan gurasoen garrantzia erabatekoa da eta uste dut Koldo Mitxelenako Guraso Elkarteak, Koldokidek, erakusten dituen modua eta lana egiteko grina eredugarri direla. Zentzu horretan, zoriontzea eta eskerrak ematea, uste dudalako festa hau handia izango dela.Baita ere eskerrak herriko eta eskualdeko zentroei, denbora honetan parte hartu dutelako, lagundu dutelako festa honen antolaketan eta festaren aurretik egin diren ekitaldietan.

Festa honek gure indarrak eta hezkuntza komunitatearen indarrak neurtzeko balio du, eta urte honetan neurtu dira, eta handiak izan dira.

Hiru mezu helarazteko aukera ona da jaia: euskararen aldeko mezua, aniztasunaren aldeko mezua, hezkuntzaren inguruko debatea bolo-bolo dabilen honetan, gustatuko litzaidake festa hau izan dadila batasunerako festa bat eta eredu berri bat eskatzeko festa bat.

Uste dut gure herriak baduela nahiakoa indar herri hezkuntza eredu berri bat sortzeko, eta zentzu horretan eredugarri izan daitekeela uste dut”.

Porrotxek jaian parte hartzeko gonbitea luzatu du:

Azkenik, jaiko abestia abestuz esan dute agur.

Egitarau osoa hemen ikus daiteke.