Eskolako Agenda 21 programan egindako lana aurkeztu da udalbatzan

Energia eta Klima Aldaketa aztertu ondoren, ikasleek Julen Mendoza alkateari aurkeztu dizkiote egindako proposamenak.

Eginkizun honetan parte hartzen duten 3.500 ikasleek azken fasera iritsi dira. Ikasturtean zehar Klima Aldaketaren gaia modu sakonean landu dute. Gaztetxoenek, Lurra gaixotzen dituzten giza jarduerak zerrendatu dituzte, sendatzeko beharrezko diren ohitura aldaketak aipatuz. Herriko helduenei, eguraldi aldaketa sumatu ote duten galdetu diete eta gehiengoak, baiezkoa dio. Lehen egiten zuen zirimiria desagertu egin dela, Aiako Harria lehen ia negu osoa elurretan agertzen omen zen eta udak eta neguak, gero eta beroagoak dira beraien ustetan. Lehen, urteko lau urtaroak ongi desberdintzen zirela aipatu dute.

Bigarren hezkuntzako taldeek berriz, herriko energia kontsumoak eta horiek Klima Aldaketan duten eragina aztertu dute, sortzen dugun negutegi efektuko gasen isurketa kalkulatuz. Adibidez, 2015an errenteriar bakoitzak isuritako gas kopurua 5,7 tona CO2 baliokide izan zen. Eta ez da gutxi!

Honen aurrean, Udalak dituen planak eta orain arte hartutako neurriak ezagutu dituzte, adibidez, kaleko argiterian burutzen ari diren aldaketak. Kalera atera eta herritarrekin hitz egiten aritu dira, energia kontsumoari lotutako ohiturez eta jarrerez galdetuz. Etxea eta ura berotzeko, gutxi gorabehera erdiek, gas naturala erabiltzen dute eta ondoren, elektrizitatea da ohikoena. Eguzki-energia ez da apenas erabiltzen horretarako. Are gehiago, herritarrek energia berriztagarrien inguruan oso informazio gutxi dutela ondorioztatu dute. Hala ere, orokorrean kontsumoa kontrolatzeko ahaleginak egiten dituzte.

Lanbide Heziketako ikasleek azterketa honetan parte hartu dute ere. Ibilgailu elektrikoak gertutik ezagutu dituzte, ibiltzeko aukera izanez. Energia berriztagarrietan aditua den Xabier Estebanekin hitzaldiak izan dituzte eta energia kontsumoa aurrezteko moduen inguruan lanean aritu dira.

Denen erantzukizunak beharrezkoak direnez, ikasleek hainbat konpromiso hartu dituzte: behar ez diren argiak eta gailu elektrikoak itzali, berogailua kontrolatu, kontsumo baxuko bonbilak eta tresna elektrikoak erabili, mugikortasun jasangarria bultzatu oinez edo bizikletaz ibili, garraio publikoa erabili…

Eta amaitzeko, Udal ordezkariei hainbat proposamen egin dizkiete. Mugikortasunaren inguruan, urbanoaren maiztasuna handitzea ikastetxeetara gehiago hurbilduz, ibilgailu elektrikoak sustatzea, bidegorria zabaltzea… Energiari dagokionez, kaleko argiteria aldatzen jarraitzea eta herrian energia berriztagarrien presentzia handitzea eskatu dute. Gai horiek izan badira garrantzitsuenak, hondakinen murrizketarekin jarraitzeko kanpainak etengabe egitea, parkeetako iturriak zaintzea uraren kontsumoa gutxitzeko, herri barruko berdeguneak handitzea eta bigarren eskuko azokak antolatzea ere proposamenetan barneratu dituzte.

Arazoaren larritasunaz jabetuta, datorren ikasturtean gai berarekin jarraitzeko erabakia hartu dute. Ea herritar guztiek beraien aholkuak jarraitzen ditugun!