Larunbatean igeriketa egokituko XI. Sara Carracelas Saria lehiatuko da

Larunbatean, ekainaren 1ean, arratsaldeko 16:00etan, Errenteriako kirolariaren izena daraman “Sara Carracelas, igeriketa egokitua” lehiaketaren hamaikagarren edizioa gauzatuko da Galtzarabordako igerilekuan, Oarsoaldea Igeriketa Kirola Elkarteak antolatuta eta Errenteriako Udalaren babesarekin.

Txapelketan ahalmen urriko kirolariek hartuko dute parte, proba eta estilo desberdinetan: librea, bizkarra, tximeleta, eta abar.

Kirol Egokituaren Gipuzkoako Federazioak gonbidapenak bidali dizkie klub guztiei, eta antolatzaileek 60tik gora kirolarik parte hartzea espero dute, horietako asko Sara Carracelasekin harreman berezia dutenak.

Hori dela eta, larunbatean Galtzarabordako Udal Kiroldegiko igerilekua itxita egongo da jendearentzat 14:45etik 18:30era.

Gainontzeko instalazioa irekita egongo da ohiko ordutegian. Udal kirol instalazioetako bazkideek eta gainontzeko erabiltzaileek Fanderiako Igerilekua erabili ahal izango dute egun osoan.

Lehiaketa 16:00etan hasiko da eta sarrera doakoa da.