Samuel Akinfenwaren ‘Madalenak S’ lanak iragarriko ditu 2019ko Madalenak

Zaragozako Samuel Akinfenwa Onwusaren ‘Madalenak S’ kartelak irabazi du XXXV. Madalenetako Kartel Lehiaketa. Izaro Marizkurrena eta Oihana Cereijo diseinatzaile grafikoek, Arkaitz Barriola ilustraitzaileak, Jose Manuel Martinez jai batzordeko kideak eta Ion Collar Kultura zinegotziak osatutako epaimahaikoak 181 lanen artean hautatu du gaur,  maiatzaren 31, eta beraz, hori izango da 2019ko Madalenak iragarriko dituen kartela.

Zaragozakoak 850 euro garbi jasoko ditu sari gisa.

Bestalde, Aketz Zubia Mingolarra bermeotarrak ere saria jaso du. Bera izan da publikoaren boto gehien jaso dituen ‘Kolore biziak’ lanaren egilea. Hori dela eta, Herri Saria jasoko du: uztailaren 21ean izango den Madalenetako herri bazkarirako bi gonbidapen.