Ekaineko programazioa ezagutzera eman du Emakumeen Etxeak

Errenteriako Emakumeen Etxeak hainbat ekintza antolatu ditu hasi berri den hilabeterako:

Alde batetik, ekainaren 5ean Komunitateak ehunduz herri ekimenetatik ikerketaren aurkezpena izango da arratsaldeko 18:00etan. Errenteriako Emakumeen Etxearen prozesua ikerketaren parte izan da eta, hori horrela, AFIT Antropologia Feminista Ikertaldeko kideek (Amaia Agirre, Margaret Bullen, Irantzu Fernández eta María Ruiz) egindako ikerketaren ondorioak aurkeztera etorriko dira.

Bestetik, ekainaren 11n Emakumeen Etxeko Asanblada egingo da, arratsaldeko 18:00etan. Bai etxea sortzeko prozesuan parte hartu duten emakumeei bai Emakumeen Etxearen proiektua ezagutu nahi duen edozein emakumeri parte hartzeko dei egiten diegu.

Ekainaren 13an, arratsaldeko 18:00etan, Azalean Sexu Aholkularitza Zerbitzuren eskutik, hilerokoaren inguruko solasaldia izango dugu. Hilerokoari buruz norberak dituen bizipenak eta gai horren inguruan lanean dauden zenbait emakumeren hausnarketak elkarbanatuko dira, hilerokoak emakumeengan duen eragina eta emakumeen ezaugarri propio bezala duen garrantzia azpimarratuz.

Ekainaren 14an, arratsaldeko 18:00etan ErreferenteEKIN titulupean, Errenteriako LGTBI herritarren errealitateei buruzko diagnostikoaren aurkezpena egingo da. Ondoren musika eta zizka-mizka egongo da.

Azkenik, ekainaren 20an, arratsaldeko 17:00etatik aurrera, Eskola Feministari amaiera emateko jardunaldia ospatuko da. Horretarako, Emakumeen Etxean World Kafea antolatuko da datorren urterako proposamenak jasotzeko. Ondoren, 18:30ean, Victoria Moon y la maleta de las olvidadas antzezlana izango da, Lur Usabiagaren eskutik.

Gogorarazten dizuegu Emakumeen Etxeak ateak irekita dituela, astelehen eta ostiraletan, 9:00etatik 13:00etara, eta asteartetik ostegunera arratsaldez, 16:00etatik 20:00etara.
Telefonoa 943-44-96-30
emakumeenetxea@errenteria.eus