Euskal eta eskoziar dantzak uztartuko dituen ‘Atlantik 1050’ ikuskizunaren sustatzaile izango da Atlantikaldia

Euskal Herriko eta Eskoziako dantza tradizionalak uztartuko dituen kaleko ikuskizuna izango da Atlantik 1050. Atlantikaldia jaialdiak, Etxepare Euskal Institutuak eta Dance Base-ek, Eskoziako Dantza Zentro Nazionalak, sustatuko duten proiektuak itsasoa du bi kulturen arteko lokailu eta joan-etorriko bidaia gisa otu da: abuztuan, Edinburgoko Fringe jaialdian estreinatuko da eta irailean, berriz, Atlantikaldiara etorriko da.

Hala aurkeztu zuten atzo, Niessen Kulturguneko dantza gelan, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, Julen Mendoza, Errenteriako jarduneko alkateak; Iker Tolosa Atlantikaldiaren zuzendariak, Alain Maya koreografo eta dantzari errenteriarrak, Jen Wren koreografo eskoziarrak eta Amy Geddes musikari eskoziarrak, azken bi hauek euskal dantza tradizionala ezagutzeko egin duten bidaia baliatuta.

Itsasoak garrantzi berezia du egitasmoaren muinean; izan ere, itsasoa lotura garrantzitsua izan da mendeetan zehar Eskozia eta Euskal Herriaren artean eta bi herrien arteko dantza tradizionalak bilduko dituen ikuskizun honek ere kostaldetik kostalderako bidaia egingo du: proiektua Edinburgon eta Errenterian sortu, garatu eta aurkeztuko da eta, itsasoz, 1050 itsas milia dira, hain zuzen, bi leku horien arteko distantzia; hortik proiektuaren izena.

Atlantikaldia izango da proiektu honetan esku hartuko duten euskal ordezkariak hautatu dituena. Horretarako, jaialdiak Ereintza Dantza Taldeari egin dio enkargua. Taldeak, bere kide duen Alain Maya dantzari eta koreografoa izendatu du proiektuaren zuzendari artistikoaren zein musika zuzendariaren aholkulari, Euskal Herriko dantza eta musika tradizionalaren alorrean. Horretaz gain, bera arduratuko da euskal dantzariak hautatzeaz: Ereintzako hainbat kide izango dira dantzari-taldearen oinarri eta Euskal Herriko beste zenbait eskualdetako taldetako kideak ere deituko ditu Mayak proiektuan esku-hartzera.

Dance Base izan da, berriz, Eskoziako artisten aukeraketa egiteaz arduratu dena: Jen Wren emakume dantzari eta koreografoa eta Amy Geddes musikaria izan dira hautatuak; eta dantzariak aukeratzeko, eskoziar dantza tradizionaletan trebatutako 16 eta 25 urte bitarteko gazteen artean deialdia luzatu du erakundeak. Ikuskizuna musikaz jantziko duten bi musikariak euskaldunak izango dira eta Amy Geddesek aukeratuko ditu, sortze prozesuan aurrera egin heinean, zein instrumenturen interpreteak izango diren zehaztu ondoren.

Bai Euskal Herritik Eskoziara eta baita Eskoziatik Euskal Herrira ere bidaia egingo duten dantzariak 10/14 inguru izango dira, ikuskizunean tokian tokiko dantzari gehiagok esku hartuko dutela aurreikusita badago ere.

Finantziazioari dagokionez, ekimenak Etxepare Euskal Institutuaren, kultur jarduerak bultzatzen dituen Creative Scotland erakunde publikoaren eta Errenteriako Udalaren babesa du.