LGTBI diagnostikoaren aurkezpena

Berdintasuna 2019-06-11 | 0
Imanol Miner, Enara Larrain, Julen Mendoza, Eli Etxabeguren, Zuriñe Rodriguez

Gaur, orain sei hilabete herriko hainbat LGTBI aktibisten eskaera egi bihurtzeko asmotan, Errenteriako Udalak martxan jarritako Errenteriako LGTBI pertsonen errealitateen inguruko Diagnostikoa aurkeztu dute. Errenteria, Gasteiz eta Iruña hiriekin batera, horrelako diagnostiko bat egiten den hirugarren herria izan da Euskal Herrian; gainera, hiriburua ez den lehena. Aipatu behar da ere, Bartzelona bezalako hiri nagusi batean ere, jada, eginda dagoela halako proiektu bat.

Diagnostiko honen helburua da Berdintasun Azpisailean diseinatzen diren Politika Publikoetan LGTBI pertsonak hartzaile zuzen gisa integratzea. Proiektu hau momentu ezin hobean jarri du martxan Udalak, datorren ikasturtean III Berdintasun Plana lantzea aurre-ikusten baita; bertan sexu-genero aniztasuna kontuan hartzen duten neurri eta ekintzak garatzeko aukera zabalduz. Bide honetan, ErreferenteEKIN-ek, LGTBIfobiaren aurkako lan ildo berri bat irekitzen du, eta, baita, herriaren praktika heterozentratuak eraldaketzeko aukerak ere.

Aurrera eraman den prozesu guztian zehar, eta aurrera eraman den ikerketari esker, LGTBI biztanleriaren argazki bat eskuratzeaz gain, LGTBI komunitatearen saretzea eman da. Gainera, Udalaren eta proiektuan parte hartu duten LGTBI pertsonen arten eztabaidarako espazio eta aukera ezberdinak sortu dira, guztira ehun inguru izan direnak.

Proiektuaren aurkezpenean aditzera eman zuten bezala, diagnostikoaren hasieran azterketaren aldagaiak definitu ziren, LGTBI pertsonei eragiten dieten problematika ezberdinak identifikatu ziren (osasuna, hezkuntza, aisia, …) eta, ondoren, metodologia ezberdinak aplikatuz, errealitate honen argazki zehatz bat lortu da. Guztia, 24 sakoneko elkarrizketa, 25 galdetegi eta hiru eztabaida talde (LGTBI heldutzea, aisia eta espazio publikoaren erabilera eta hezkuntza) eraman dira aurrera.

Lan honek, LGTBI pertsonek beren bizitzak askatasun osoz bizitzeko errealitatetik urrun gaudela erakusten du eta honek, LGTBIfobiaren aurkako politika publikoak diseinatzeko eta sexu eta genero aldetik disidenteak diren pertsonen bizitzak hobetzeko behar argia dagoenaren ideia sendotzen du.
Hala ere, ErreferenteEKIN-en bitartez, diagnostikoa bera gainditu eta udal zerbitzuetatik martxan jarri daitezkeen hainbat proposamen identifikatzean jarri da foku nagusietako bat. Honela, identifikatu diren proposamenak lau talde handitan barne-bildu dira:

1. Bere aniztasunean LGTBI komunitatearen ikusgarritasunean laguntzera bideraturiko komunikazio kanpainekin loturikoak, errealitate honen inguruan dauden estigmekin hausteko.

2. Diskriminazio positibo gisa funtzionatzen dutenak, LGTBI pertsonek beren genero eta sexu orientazioarengatik jasaten duten bazterkeria arintzen lagunduko dutenak.

3. Jada eman den indarkeria LGTBIfobikoari aurre egiteko pentsaturikoak.

4. Indarkeria honekin amaitzeko eta eredu sexuala aldatzearekin loturik daudenak, bereziki, formakuntzan oinarrituriko neurrietara bideraturikoak.

Gaurtik, Errenteriako Udalak badu bere diagnostikoa, bide honi hasiera emateko erraminta oso baliagarria dena. Lan honen prozesuak berak, beste hainbat argi egotzi ditu; adibidez, herrian LGTBI mugimenduak duen giza kapital handiaren egiaztatzea. Birsortu den eta sare berriak eraiki dituen mugimendu bat, zeinek, gainera, proposamen oso zehatzak adierazi eta hausnarketa oso sakon eta anitzak burutzen dituen, guztiak diagnostiko honetan jasoak.

ErrenferenteEKIN-en aurkezpen irekia

Ostiralean, ekainaren 14an, 19:00etan Emakumeen Etxean aurkeztuko da ErrenferenteEKIN. Aurkezpen honetara gonbitea luzatu nahi die Udalak herritarrei, bertan ondorio eta proposamenak zehatzago emango dituzte ezagutzera. Aurkezpen txiki baten ondoren festa bat egongo da, ziklo hau itxi eta Errenteria LGTBI pertsonen eskubideen aldeko borrokan, erreferentziazko toki izaten jarraitzeko bide berriak irekiko dituena.

Diagnotikoa ikusi

Hemen deskargatu eta ikus dezakezu diagnotikoa.

No comments yet.

Utzi erantzuna