2019ko Europako Energia Iraunkorraren astearekin bat eginez, ekainaren 15etik 20ra Errenteriako III. Energia Astea antolatu du Udalak. Aste honen helburua gizartea sentsibilizatzea izango da, modu horretan, herritarrek beren kabuz, egunerokotasunean, energia erabilera egokiaren alde jardun ahal izateko eta ingurumen kontzientzia handiagotzeko. 2020 urterako errenteriarrok 2007an baino %20,16 CO2 gas isuri gutxiago isurtzeko helburua jarria dugu, Errenteriako Energia Iraunkorrerako Ekintza Planaren baitan. Beraz, erronka horren aurrean, pausuak emateko interesgarriak izango diren jarduerak antolatu dituzte: hitzaldiak, jardunaldi bat eta Energia Azoka.
Eguzki plaka fotovoltaikoen bidez auto-kontsumoa bideragarria zela frogatu zen pasa den urtean, nahiz eta legediak ez laguntzarik eman. Aurtengoan, arautegi aldetik izandako aldaketak ezagutzeko aukera egongo da, autokontsumoari bultzada handia emango diotenak hain zuzen ere.
Ekainaren 20rako antolatutako “TOKIKO ENERGIA KOMUNITATEAK BULTZATZEKO” jardunaldiak nabarmendu behar dira: goizeko jardunaldi bat antolatu dute administrazio publikoko langileentzat eta enpresentzat, eta arratsaldeko jardunaldia herritarrentzat.
2019ko martxoan, Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE) Tokiko Energia Komunitateak bultzatzeko bitartekoak garatzeko gida argitaratu zuen.
Energia Komunitateek gizartean sor dezaketen interesa kontuan hartuta, “TOKIKO ENERGIA KOMUNITATEAK BULTZATZEA” goizeko jardunaldia antolatu du Errenteriako Udalak. Gidaliburua egin dutenak izango dira hizlari, eta IDAEko Eskariaren Gestioa eta Berriztagarriak Sarean Integratzeko departamentuko buru den Luis Garcíak ere parte hartuko du goizeko saioan, eta Societat Orgànica-ko kideek arratsaldeko saioan. Bestalde, Irabazi asmorik gabeko tokiko kooperatibismotik sustatutako proiektuak ezagutuko ditugu, Energia Gara eta Goienerren eskutik.
Energia astearen egun nagusia ekainaren 15a izango da, larunbata: Zumardian energia azoka ospatuko da egun horretan. Bertan energia berriztagarri eta energia eraginkortasunaren ingurukoen berri izango da Usurbilgo Lanbide Eskolaren eskutik. Lehen eskutik, plaka fotovoltaikoen bidezko autokontsumo instalazioak jartzeko laguntza teknikoa jasotzeko aukera egongo da, enpresa hornitzaileen zuzeneko parte hartzearekin. Bestalde, hiru ergometrorekin Touring K.E., Oiarso S.K.T, Ereintza Eskubaloia, Club Atlético Renteria eta Hibaikako infantil eta kadete mailako neska mutilek energia gehiago nork ekoiztu erronka egingo dute, 2400 metroko serieak eginez.
Energia azoka horretan etorkizuneko ibilgailuen erakusketak bere txokoa izango du; 6 kotxe markek 11 ibilgailu elektriko, hibrido eta GLPkoak ekarriko dituzte, Bertan, ibilgailu saltzaileekin zalantzak argitzeko aukera egongo da, bai eta 5 ibilgailu gidatu eta probatzeko aukera ere.
Horretaz gain, Gipuzkoa Foru Aldundiak “Argitu” tailerrak antolatu ditu. Etxeetan energia aurreztu daitekeela irakatsiko dute, bai eta etxebizitzen birgaitze eraginkorra nola egin ere.
Beraz, aste horretako ekitaldietan parte hartzeko gonbitea luzatu du Udalak, etorkizuna eraikitzeko energia izan dezagun! PIZTU ENERGIA EKOAKTIBOA!
Informazio gehiago: https://herribizia.errenteria.eus/energia/