Eztena arte eszenikoen jaialdiaren izurrite poetikoa Errenterian zabaltzen ari da jada

Argazkia: Amets Badiola

Euskal Herriko eta haragoko 25 sortzaile lanean ari dira dagoeneko Errenteriako kaleetan eta bertako espazio ezberdinetan. Izan ere, aurtengo Eztena jaialdia berezia izango baita, “Hiru proiektu, 25 sortzaile, probokazio bat” izenpean antzerkiaren izurritea zabaltzea helburu duela.

Hiru proiektu, hiru ikuskizun sortzeko, herrian bertan sortuak hirurak. Eztenak, proiektuan parte hartzeko deialdia zabaldu zuen apirilean eta horretara aurkeztutako sortzaileekin sortu dituzte taldeak.

Azken bi aste hauetan ari dira lanean, bakoitza zuzendari edo konpainia batek gidatuta. Horman Poster konpainia familia bereko lau kiderekin ari da lanean, “Eraikitzen gaituzten hitzak” izenez batailatutako proiektua sortzen; Metrokoadroka kolektiboko kideak zortzi sortzailerekin ari dira “Aldarri” proiektuaren inguruan; eta azkenik, Espe Lopez antzerkilaria beste zortzi sortzailerekin osatutako “La mirada” laborategia zuzentzen ari da. Hiru lanak Eztena 2019 jaialdiaren egunetan izango dira ikusgai, ekainaren 21etik 23ra.

Izurritea ordea martxan dago herriko kaleetan eta espazio ezberdinetan, sortzaileak biztanleekin kontaktuan daude eta herriko istorioez eta giroaz kutsatzen dabiltza. Gero, bueltan, haiek ere euren antzerkiaren izurritea kutsatzeko asmoz.

Eztena jaialdiko kideek arte eszenikoak herrian txertatzeko eta antzerkiaren grina zabaltzeko helburuarekin azken 10 urteetan egindako lanari jarraituz irudikatu dute aurtengo edizio berezia. Horretarako, Errenteriako Udalaren babesa eta laguntza izan dute. Izan ere, Eztenaren planteamendu berriak bat egiten du, Udala disziplina ezberdinetan sorkuntza sustatzeko ematen ari den urratsekin.

Hitzaldia ekainaren 17an

Biztanleria gertutik ukitu nahi duten halako egitasmoez mintzatzeko hitzaldia antolatu dute, gainera, datorren astelehenean, hilak 17, Mikelazulon, arratsaldeko 18:00etan. “Kultur mediazioaren zenbait adibide” izenburupean Rouge Elea konpainiako Corine Cellak eskainiko du saioa eta bestelako esperientziak partekatzeari ere lekua egin nahi diote hitzordu honetan.

Eztena 2019, egitaraua:

Ostirala 21

  • 17:00, Zamalbide kalea 4: ERAIKITZEN GAITUZTEN HITZAK, Horman Poster.
  • 19:00, Herriko plaza eta Zumardia: ALDARRI, Metrokoadroka kolektiboa.
  • 22:30, Niessen Kulturgunea: LA MIRADA, Espe Lopez.

Larunbata 22

  • 12:30, Pablo Sorozabal plaza: ALDARRI, Metrokoadroka kolektiboa.
  • 19:00, Niessen Kulturgunea: LA MIRADA, Espe Lopez.

Igandea 23

  • 12:30, Txirrita parkea: ALDARRI, Metrokoadroka kolektiboa.
  • 17:00, Zamalbide kalea 4: ERAIKITZEN GAITUZTEN HITZAK, Horman Poster.
  • 19:00, Zamalbide kalea 4: ERAIKITZEN GAITUZTEN HITZAK, Horman Poster.
  • 20:00, Niessen Kulturgunea: LA MIRADA, Espe Lopez.