Arte eszenikoek herriko kaleak hartuko dituzte ekainetik irailera

Antzokitik kalera aterako dira datozen hilabeteotan arte eszenikoak. Herriko hainbat txoko oholtza inprobisatu bilakatuko dira, dantza, antzerki eta zirku proposamen berritzaileak hartzeko. “Kaleek beso zabalik hartuko dituzte akrobata, dantzari, antzezle zein ekilibristak, euren ikuskizunekin publiko zabala txunditzeko prest”; hala adierazi dute gaur prentsa aurrean Ion Collar Kultura zinegotziak eta Iker Tolosa Kultura teknikariak. Eurekin batera, Eztena arte eszenikoen jaialdiaren antolakuntza taldeko kide diren Miren Alkala eta Ainara Gurrutxaga izan dira. Izan ere, 2019ko jaialdiak berrikuntza ugari dakartza eta horien berri eman dute azken biek.

Eztena 2019

Euskal Herriko eta haragoko 25 sortzaile lanean ari dira Errenteriako kaleetan eta bertako espazio ezberdinetan. Izan ere, aurtengo Eztena jaialdia berezia izango baita, “Hiru proiektu, 25 sortzaile, probokazio bat” izenpean antzerkiaren izurritea zabaltzea helburu duela.

Hiru proiektu, hiru ikuskizun sortzeko, herrian bertan sortuak hirurak. Eztenak, proiektuan parte hartzeko deialdia zabaldu zuen apirilean eta horretara aurkeztutako sortzaileekin sortu dituzte taldeak.

Azken aste hauetan aritu dira lanean, bakoitza zuzendari edo konpainia batek gidatuta.

Izurritea ordea martxan dago herriko kaleetan eta espazio ezberdinetan, sortzaileak biztanleekin kontaktuan daude eta herriko istorioez eta giroaz kutsatzen dabiltza. Datozen egunotan, bueltan, haiek ere euren antzerkiaren izurritea kutsatzeko asmoz.

Eztena 2019, egitaraua:

Ostirala 21

‘La mirada’ ikuskizunaren entsegu bat.

• 17:00, Zamalbide kalea 4: ERAIKITZEN GAITUZTEN HITZAK, Horman Poster.

• 19:00, Herriko plaza eta Zumardia: ALDARRI, Metrokoadroka kolektiboa.

• 22:30, Niessen Kulturgunea: LA MIRADA, Espe Lopez.

Larunbata 22

• 12:30, Pablo Sorozabal plaza: ALDARRI, Metrokoadroka kolektiboa.

• 19:00, Niessen Kulturgunea: LA MIRADA, Espe Lopez.

Igandea 23

• 12:30, Herriko plaza eta Zumardia: ALDARRI, Metrokoadroka kolektiboa.

• 17:00, Zamalbide kalea 4: ERAIKITZEN GAITUZTEN HITZAK, Horman Poster.

• 19:00, Zamalbide kalea 4:ERAIKITZEN GAITUZTEN HITZAK, Horman Poster.

• 20:00, Niessen Kulturgunea:LA MIRADA, Espe Lopez.

Eztena jaialdiko kideek arte eszenikoak herrian txertatzeko eta antzerkiaren grina zabaltzeko helburuarekin azken 10 urteetan egindako lanari jarraituz irudikatu dute aurtengo edizio berezia. Horretarako, Errenteriako Udalaren babesa eta laguntza izan dute. Izan ere, Eztenaren planteamendu berriak bat egiten du, Udala disziplina ezberdinetan sorkuntza sustatzeko ematen ari den urratsekin.

Kalez kale programazioa

Beste alde batetik, arte eszeniko eskaintza anitz eta zabal batek kaleak okupatuko ditu. Datorren ostegunean, hilak 27, ekingo zaio kalez kaleko arte eszenikoen programazioari Kukai Dantzak eta Brodas Bross konpainiak elkarlanean sortutako ‘Topa’ ikuskizunarekin. Fanderiako Dolores Ibarruri plazan izango da, 20:00etan.

Bi egun geroago, ekainaren 29an, Kolektiv Lapso Cirk taldeak oreka azken muturreraino eramango du, Herriko plazan, ‘Ovvio’ zirku proposamenarekin, 19:00etan.

Uztailaren 11n, euren konpainia itxi beharrean dauden bi antzezle komiko irudikatuko dituzte Trapu Zaharra konpainiako kideek. ‘Sefiní’ izenburupean, pertsonaien ibilbide artistikoaren errepasoa egingo dute Zumardian, 19:00etan, malenkonia eta umorea tartekatuz.

Bestalde, eta ohikoa denez, Madalenetako programazioan ere txertatu dute publiko familiarrari zuzendutako proposamen bat: Markeliñeren ‘ Zoozoom’ antzezlanak sortuko duen parke zoologiko bitxian, modu ludiko, dibertigarri eta interaktiboan gozatu ahalko dute ikusleek. Uztailaren 25ean izango da hori, Koldo Mitxelena plazan, 17:30ean.

Abuztuko etenaldiaren ondoren, Mumusic circus taldea irailaren 7an iritsiko da Errenteriara. Emozioz betetako ‘Flou Papagayo’ zirku-lana emango dute, Pontikako Arditurri kalean, 19:00etan.

Amaitzeko, Dantza Hirian mugaz gaindiko jaialdi ibilitariak hiru dantza pieza ekarriko ditu irailaren 15ean: 12:30ean, Nowhere Theatrek, ‘El lago de los cisnes (el pequeño)’ emango du Iztietako Diputazio plazan. 19:00etan, UnaiUna konpainiaren ‘All inclusive’ izango da Zumardian; eta 19:30ean, Amaiur Luluagaren taldeak ‘J-ahO!’ eramango du Herriko plazara.

Collar eta Tolosa pozik agertu dira aurkeztutako programazioarekin eta gogorarazi nahi izan dute, egitarau osoa Banbalinak izeneko arte eszenikoen agendan eta kultura.errenteria.eus webgunean aurki daitekeela.