Erakusketa iraunkor berria ikusgai dago Jantziaren Zentroan

Jantziaren zentroan ikusgai dago erakusketa finko berria. Urtero aldatzen da goitik-behera bi aretoetako erakusketa iraunkorra. Honakoa hirugarren bilduma da, ia 40 jantzi batzen dituena.

Lehen solairuan, Herri Jantziak izeneko aretoan, herri xeheak XIX-XX mende artean erabilitako janzkera ikus daiteke. Azpimarratzekoa gizonezkoen zein emakumezkoen doluzko jantziak, zehazki gizonezko doluzko jantzi bat eta emakumezkoen hiru.

Erakusketa honetarako Gipuzkoako bi familiak urtetan gordetako arbasoen baserritar jantziak behin-behinean laga dituzte. Batetik, Legazpiko Elorregi baserriko Odria familia, emakumezko hainbat txanbra eta arropa zuri utzi du; bestetik, Azkoitiko Euskitze baserriko Mendizabal familiak gizonezko jantzia laga du.

Orotara 20 jantzi biltzen ditu lehen solairuko aretoko erakusketak.
Jantzien bilakaera izeneko aretoan, bigarren solairuan, 18 jantzi daude ikusgai, goi-mailako emakumezko zein gizonezkoen jantziak dira. Kolore argiak, zeta, organdia, bolumena emateko armazoiak…

Bi pieza nabarmendu daitezke: 1900 urteko zetazko “Déshabillé”-a, goi-mailako familietan emakumeek etxean egoteko erabiltzen zuten jantzia, eta 1920 urteko emakumezko bainujantzia: galtza, soineko eta kapelaz osatua.

Areto honetako jantziak Jantziaren Zentroa kudeatzen duen Iraultza dantza taldearen bildumako piezak dira, gehienak nazioartean erositakoak, besteak beste: Frantzia, Amerikako Estatu Batuak, Erresuma Batua…

Erakusketa asteburu zein jai egunetan ikus daiteke, honako ordutegian: larunbatetan, goiz eta arratsaldez, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta igande eta jai egunetan 12:00etatik 14:00etara.

Bisita gidatua egin nahi izanez gero, Errenteriako turismo bulegoan izena eman behar da. 943 49 45 21 telefonoan edo turismoa@oarsoaldea.eus helbidera idatzita.