XXI. Erromeria Eguna ospatuko dute larunbatean

Larunbatean izango da XXI. Erromeria eguna, dantzazaleek gogotsu espero duten jaia, eta Madalenak bertan daudela adierazten duena.

Aurtengo egitarauaren aurkezpenean honakoak egon dira: Mikel Bagües, Ereintza Elkartearen lehendakaria; Ereintzako kide diren Ander Oiarbide, Garazi Díaz de Cerio, Maialen Iribarren eta Juantxo Maya; eta Idoia Pastor, Ereintzako Euskal Dantza ikaslea.

Ekitaldien berri ematen hasi aurretik nabarmenki eskertu nahi izan dituzte Udala, enpresa babesleak eta herriko establezimenduak, horiek gabe, antolatzaileen arabera, ezinezkoa izango bailitzateke Erromeria Eguna egitea.

Egitarauari dagokionez, azaldu dute iazkoa berezia izan bazen ere, XX urteurrena izateagatik, aurtengoa ere ez dela atzean geldituko.

Egitaraua:

10:45: Diana herriko kaleetan.

10:45: Bola joko sari handia, Niessen Elkarteak antolatuta. Foru plazan.

11:000: Hamaiketakoa Koldo Mitxelena plazan (Esmalteria)

12:00: Kalez kale herriko kaleetan.

13:00: Aiko taldea, Zumardian.

14:30: Herri bazkaria, lehen aldiz Merkatuzarren. Txartelak salgai daude jada Ereintza Elkartean, Arkaitza tabernan zein Paki Dietetika Zentroan.

18:00: Erromeria, Zumardian. Parte hartuko dute: Txorimaloak, Errenteria Musikaleko trikitilariak, Errenteriako Gaiteroak, Escola de Gaitas Triskele (Casa Galicia), Oarsoaldeko txistulariak, Zubietako joaldunak eta Hendaiako Mutxiko Elkartea, Aiko taldea eta Patxi Perez eta konpainia taldeak.

Errenteria dantzan, uztailaren 19an

‘Errenteria dantzan’ ekimena aurten apur bat atzeratuko da eta Erromeria Egunaren asteburuan izan beharrean, hurrengo ostiralean egingo dute, uztailaren 19an. Ibilbidea Santa Clara kalean hasiko da eta Biteri Txiki, Biteri eta Herriko plaza zeharkatu ostean Zumardira iritsiko da, bertan izango baita ekitaldi nagusia. Ekitaldi hori ‘Bert’ talde armeniarrak eta Ereintza dantza taldeak eskainiko dute.