Madalenen aurreko kontzertua eskainiko du Landarbaso abesbatzak igandean

Igandean, hilak 14ean, eskainiko du Landarbaso abesbatzak Madalenen aurreko kontzertua Maria Magdalena basilikan. 28 urte daramatzate dagoeneko festetako emanaldia eskaintzen. Aurten apur bat aurreratu dute, izen ere, abesbatzak Baliko abesbatzen nazioarteko zortzigarren jaialdian parte hartuko du uztailaren 23tik aurrera.

Iñaki Tolaretxipik, abesbatzaren zuzendariak, adierazi du kontzertu honetakoa orain arte egin duten programarik konplikatuena dela. Bi zati izango ditu: hasteko, Indonesian eskainiko duten errepertorio osoa emango dute, eliz-musika eta abesbatza mistoak barne hartzen dituena. Bigarren zatia errazagoa izango da, kanta ezagunagoak izango ditu, “jendea gustura gelditzeko”.

Kontzertua 19:30ean hasiko da, baina 19:00etan zabalduko dituzte ateak, eta ordubete iraungo du.