Matrikulak antzemateko sistema baten bidez hasiko dira kontrolatzen oinezkoen guneetan dabiltzan ibilgailuak

Herriko oinezkoen zonaldeetan ibilgailuen sarbideak matrikulak antzemateko LPR sistemaren bidez kontrolatzen hasiko dira, eta horretarako hainbat puntutan jartzen hasi dira. Sistema honek ahalbidetzen du erregulatutako errepidetik zirkulatzen duten ibilgailu guztien matrikulak identifikatzea eta baimena ez duten matrikulak antzematea, softwarea erabilita.

Sistema hau dagoeneko abian dago Gaztañon (Altxu kaletik Gaztañora doan bidean), eta soilik autobusek zein emergentziazko ibilgailuek izango dute baimena hortik pasatzeko. Abuztuaren 26tik aurrera, berriz, isuna jarriko diote arau-haustea egiten duenari.

Kasu honetan, autobus linea berriak bere bidea egin dezan bertan zegoen pilona fijoa ordezkatu du LPR sistemak.

Ondoren, Gaztañoko esperientziak ematen dituen emaitzak aztertuta, hurrengo puntuetan jarriko da martxan LPR sistema pilona hidraulikoak ordezkatzeko:

• Biteri kalea

• Biteri txiki kalea

• Fernandez de Landa kalea

• Hondarribia kalea (Iztieta auzoa)

• Arkiri Baserria (San Markos gunea)

LPR sistema ezartzearen helburua da oinezkoen zonaldeetan sarbideak mugatzen dituzten pilona automatikoak kentzea, hauen mantenuak kostu handia suposatzen baitu, batetik, zaharkitzen ari direlako eta, bestetik, kolpeengatik gertatzen diren matxurak asko direlako eta, gainera, kotxeek ere matxurak jasaten dituztelako.