Programazio aparta dakar Atlantikaldiaren seigarren edizioak

Ezkerretik eskuinera: Iker Tolosa, Atlantikaldia jaialdiko zuzendaria; Sara Zozaya, jaialdian parte hartuko duen musikari donostiarra; Maximo Lucio, 18/70 salmenta saileko arduraduna; Jose Ignacio Espel, Donostiako Aquarium-eko lehendakaria; Aizpea Otaegi, Errenteriako alkatea; eta Maria Jose Telleria Gipuzkoako Aldundiko Kultura Zuzendaria.

• Musika eta kultur topagune bilakatuko da Errenteria irailaren 19tik 22ra

• Nathy Peluso (Argentina), The Skatalites (Jamaika), Abdul & The Gang(Maroko/Frantzia), BIM (Benin), Oreka TX (Euskal Herria) eta San Salvador(Okzitania) izango dira agertoki nagusian.

Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, Iker Tolosa Atlantikaldiako zuzendariak, Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak eta Sara Zozaya Donostiako musikariak 2019ko Atlantikaldia jaialdiaren aurkezpena egin dute gaur goizean Donostiako Aquariumean.

Egitarauak mota guztietako eta publiko guztientzako ia 90 ekintza barne hartzen ditu. Errenteriako Udalak antolatzen duen kultur topagune eta musika jaialdia, irailaren 19tik 22ra ospatuko da Marea Biziak lelopean. Otaegik azaldu du, aipatu mareak, aurreko urtetan egindako lanaren emaitza direla eta sorkuntza abiapuntu duen programazioa ekarriko dutela.

“Itsas Elkarrizketen bidez, jaialdiaren lehen edizioetatik, jatorri anitzetako artistak harremanetan jarri izan ditu Atlantikaldiak ikuskizun bakarrak sortzeko. Orain arte, musika arloan landu izan dugu, batez ere, jaialdiaren zigilu bilakatu den egiteko modu hau. Baina aurten, elkarrizketa hauek beste esparru artistiko batzuetara ere iristeko ahalegin berezia egin dugu”, esan du alkateak.

Zera azpimarratu du: “Dantzari dagokionean, Etxepare Euskal Institutuarekin, Errenteriako Ereintza Dantza Taldearekin eta Dance Base-rekin (Eskoziako Dantza Zentro Nazionala) elkarlanean Atlantik 1050 proiektua gauzatu dugu. Arte plastikoen alorrean, ErrenteriakoSavanna estudioaren eta Daniel Delgado ‘Pistachie’ ilustratzaile mexikarraren lanaren emaitza da jaialdiaren kartela. Gainera, gastronomia erakustaldi bat ere izango da Mugaritz jatetxeko Javier Vergara eta Kosta Kostov sukaldari eta DJ bulgariarraren eskutik”.

Halaber, gaineratu du, aurreko edizioei jarraiki, jaialdia bi zutabetan oinarrituko dela: kulturtopagune itzela eta musika jaialdi bakarra. Kultur topagune den aldetik, kulturen arteko elkartrukeak ahalbidetuko ditu publikoari ekintza anitzak eskainiz. “Eskerrak eman nahi dizkiet jaialdiaren egitaraua osatzeko proposamena bidali duten eragile guztiei. Euren inplikazioari esker, kalitatezko programa anitza dugu gaur esku artean”, esan du Otaegik. Musika jaialdia ere izango da, baina ez edonolakoa: kanpotik etorritako eta bertako artisten arteko elkarlanetik sortutako kontzertu berezi eta bakarrak eskainiko baitira.

Jaialdiaren guneak

Oiartzun ibaiaren inguruan gertatuko da jaialdia, Itsas Topaleku kontzeptupean sortutako zortzi gune berezietan. “Bakoitzak bere nortasun propioa izango du, gai ezberdinak jorratuko ditu eta publiko desberdinei zuzenduta egongo da”, adierazi du Iker Tolosak. Adibide ezberdinak jarri ditu hori azaltzeko, jaialdiaren zuzendariak: “Zumardian kokatuko den Herrixka familientzako gunea izango da: tailerrak, formatu txikiko kontzertuak, ipuin kontalariak…izango dira bertan. Herriko plaza, jaialdiaren Plaza ere izango da, jaialdiaren erdigunea eta artista berrien erakusleihoa. Kalekaiak, Panier orubean, gazteei zuzendutako ekintzak hartuko ditu: hip hop dantza tailerra, rap tailerra, graffitiak, kale kirolak…”.

Gastrogunea Foru plazan kokatuko da aurten eta bertan izango da munduko gastronomia ezberdinak dastatzeko aukera. Sorkuntza Kaian Oarsoaldeko museoek bisitarien alderik sortzaileena bultzatuko dute tailer ezberdinen bidez.

Horiez gain, Atseden Irlan, Ibaian eta Itsasargi Nagusian gozatu ahal izango dute jaialdiaz bertaratzen direnek.

Musika nahieran

Agertoki nagusia Lehendakari Agirre plazan kokatuko den Itsasargi Nagusian egongo da. Musika izango da gune honetan protagonista, bost emanaldi handirekin. Hala nabarmendu du Iker Tolosa jaialdiaren zuzendariak: “The Skatalites, Nathy Peluso, BIM edota Abdul & The Gang taldeak jaialdi berean biltzea lortu dugu”.

Gainera, oholtza nagusia estreinatuz, Oreka TX taldeak eta Okzitaniako San Salvadorrek, alkateak aipatutako itsas elkarrizketa baten emaitza erakutsiko dute ostegunean.

Baina ez da hori izango kolaborazio bakarra: Abdul & The Gang talde frantses-marokoarrak Korrontzi taldeko Agus Barandiaranekin partekatuko du oholtza; Jamaikako The Skatalites taldeko kideek Isheba & Rakel Koromaren dantza izango dute lagun; Benin International Musicalek eskainiko duen musikari Tio Teronen Semeek jarriko diote dantza; eta Nathy Pelusok Ortzi Acosta zirku artista izango du alboan.

Horiez gain, jaialdiak izango dituen beste agertokietan 17 musika emanaldi gehiago izango delajakinarazi du Tolosak.

Amaitzeko, eta jaialdiaren izpirituari jarraiki, Atlantikaldiak memoria historikoa eta gaur egungomigratzaileen egoera uztartzen dituzten sorkuntzak plazaratuko dituela aipatu du Tolosak: Dantzaz Konpainiaren ‘Basoan’ ikuskizuna eta Errenteriako Musika Bandak, Andra Mari Abesbatzak eta Oihane Enbeitak sortutako ‘Itsasoaren enbatak’ besteak beste.