Ireki dute ‘Josiz jabetu’ sormenezko joskintza tailerraren izena emateko epea

“Josiz jabetu” ekimena martxan jarriko da irailaren 13tik abenduaren 20ra. Errenteriako Emakumeen Etxean, Udalaren dirulaguntzaz eta Ehuna elkartearen bidez, emakumeei zuzenduriko sormen-joskintza saioak eskainiko dira, ostiralero 10:00etatik 13:00etara. Ekimena Berrehuntzen egitasmoaren barruan kokatzen da.

Saioa Tytti Thusberg diseinatzaile adituak zuzenduko du, eta Aran Erasunek nahiz Aran Garmendiak taldea dinamizatuko dute. Izan ere, arropari bestelako erabilera bat ematea, oinarrizko joskintza jakintzak jasotzea edota emakumeen arteko elkarren ezagutza eta sareak sor daitezen sustatzea ditu helburu taldeak.

Saioan parte hartzeko ez da beharrezkoa izango joskintzako oinarrizko jakintzarik izatea.

Lehen saioa eta nondik norakoen aurkezpena irailaren 13an izango dira Emakumeen Etxean 10:00etan. Bestelako informaziorik behar izanez gero, deitu 943 449 630 telefonora edo idatzi posta elektroniko honetara: emakumeenetxea@errenteria.eus