Zabalik da San Tomas egunean txistorra postua jartzeko deialdia

San Tomas egunean txistorra postuak jartzeko eskaera egiteko epea jada zabalik dela eta urriaren 7an amaituko dela jakinarazi du San Tomas Batzordeak.

Eskaerak udaletxeko ZU! Zerbitzuan aurkeztu beharko dira, han bertan edo Niessen Kulturgunean (Alfontso XI kalea) jaso daitekeen eredua erabiliz. Eskaerarekin batera, jarri nahi den postuaren krokisa aurkeztuko da, neurri eta ezaugarriak adieraziz. Nahiago duenak errenteria.eus webgunean ere egin dezake tramitazio osoa.

San Tomas Batzordea dagoeneko hasi da lanean, eta urriaren 4an, egingo dute aurtengo azoka antolatzeko lehen bilera. 19:00etan jarri dute hitzordua Merkatuzarren. Horrenbestez, azaltzeko deia egin diete pasa den urtean parte hartu zuten elkarte zein norbanako guztiei, eta aurten ere han egon nahi dutenei. Gogoan izan txistorra postua jartzen duenak, antolaketan ere parte hartu behar duela eta bilerara bertaratu beharko dela.