Esmalteria berritua eta jangela zerbitzu zabalduarekin ekin diote ikasturteari Orereta Ikastolan

Aste honetan sartu dira bete-betean Orereta Ikastolako ikasleak ikasturteko martxan, goiz eta arratsaldeko ordutegian ari direlako astelehenetik. Ikasturte honetan, berriz, hainbat berrikuntza dituzte ikastetxe horretako komunitateko kideek, hala nola, eraikin berritu bat, bertan prestaturiko otorduak egoitza guztietan eta lehen sorospenerako gailu berriak.
Haur Hezkuntzako txikiek eraikin eraberritua izango dute Esmalterian; arduradunek diotenez, uda partean egindako lanak egiteko irizpide pedagogikoak izan dituzte aintzat. “Hezkuntza-proiektua integrala izan zedin espazioek ere horri erantzun behar ziotela sinetsita”
Irakaskuntza zentro horretako arduradunek jakinarazi dutenez, jangela zerbitzuan ere izan badira berrikuntzak.
Ikastolak Añabitarteko eraikinean duen sukaldean prestaturiko jakiak jasoko dituzte Lino eta Esmalteriako egoitzetan ere hemendik aurrera.
Era berean, zerbitzu honetan “elikagaiei zein menuei arreta handiagoa” jartzeko ahaleginean kokatu dute Zituene lantegiarekin egindako akordia. Izan ere, Zituenen ekoitziriko pasta ekologiko eta artisaua erabiliko baitute aurrerantzean.
Azkenik, aurreko ikasturtearen berritasuna lehen sorospenak curriculumean izan bazen; aurten bide berari ekin diote. Aurten, berriz, defibriladoreen instalazioa areagotzeari ekin diote eta honenbestez horrelako gailu bana ezarri dute ikastolaren eraikin bakoitzean.