Astelehenean hasiko dira Lekuonako sutearen ondorioak neurtzen

Lekuonako obraren aurrean elkartu dira gaur goizean Aizpea Otaegi Mitxelena alkatea, Xabier Agirre udal arkitektoa eta Jon Muniategiandikoetxea, Vaumm estudioko arkitektoa eta obrako zuzendarietako bat atzoko sutearen inguruko hainbat azalpen emateko.
Otaegik azaldu duen moduan, suhiltzaileek azkar itzali egin ahal izan zuten sua eta poztekoa da ez zela langile kalteturik gertatu. Era berean, alkateak adierazi du ez dirudiela kalte material handirik gertatu denik, baina astelehenean hasiko den perituen lanak argituko duela uste hori zuzena den edo ez.
Muniategiandikoetxeak, berriz, atzoko 14:30ean pizturiko suaren ustezko arrazoiak eta, batez ere, ondorioak zeintzuk izan daitezkeen agertu du; izan ere, obraren zuzendari gisa lehenengo momentutik informaturik izan baita. Obraren zuzendariak ere gogorarazi du astelehenean, perituen lana hastean, jakin ahal izango dela benetan gertatutakoaren neurria, baina berak ikusi ahal izan duenez “badirudi azaleko errebestimenduko materialak bakarrik erre direla”.
Gertaeraren arrazoi nagusietako bat babestutako eraikin baten gainean lanean aritzea da. Hain zuzen ere, arrazoi horregatik erabili den poliuretanozko geruza izan baita sua hartu duena. “Hau azaltzen dut aurreko sutea gertatu zeneko elementu bera erre delako eta argitu nahi dut zergatik erabili dugun hau. Oso material ona da, eta lan hauetarako oso egokia, baina duen berezitasuna da manipulatzeko garaian kontu handiz egin behar dela” Era berean, material hau maiz erabiltzen dela eta obra amaitzean estalita geldituko dela gogorarazi du; honenbestez, material hau erabiltzeagatik sua hartzeko arriskurik ez da egongo.