Urtea amaitu baino lehen aurkeztuko den agintaldi planaren lehen zertzeladak eman ditu Gobernu Taldeak

Gobernu Taldeko kideak

Gobernu Taldeak lehen 100 egunen balorazioa egin du eta agintaldi planaren ardatz nagusiak izango direnak aurkeztu ditu estreinekoz.

Gobernu Taldeak agerraldia egin du Reina Aretoan eta berau osatzen duten kide guztiak bertaratu dira.

Agerraldian, urtea amaitu baino lehen orain arte Udal osoa buru-belarri lanean aritzera eraman duen Agintaldi Plana publiko egingo dutela aurreratu dute eta dokumentuak izango dituen 7 lan ardatz nagusiak azaldu dituzte:

1- Bizitza duinak, erantzukidea den komunitatea eta hiri berdinzalea.

2- HAPOa eguneratzea, herritarrek parte hartzeko prozesu zabal baten bidez.

3- Aro kultural berri bat zabaltzea.

4- Prebentzioan eta kohesionatutako komunitate batean oinarritutako hiri segurua.

5- Ingurumenaren eta iraunkortasunaren aldeko apustua egiten duen hiria.

6- Ekonomia sozialean oinarritutako garapena.

7- Gobernantza demokratikoaren ereduan sakonduko duen herria.

Lan lerro hauen barruan barnebiltzen diren proiektu nagusiak urtea amaitu baino lehen egingo dira publiko ekitaldi ireki batean eta hor herritar eta eragile sozial zein kulturalei aurkeztu nahi zaizkie. Horretaz gain ere, plana aurkeztearekin batera, dokumentu osoa eta bertan jasotzen diren 100 proiektuak eskuragarri egongo dira online.

Aurreko agintalditik datozen proiektuak, baina batez ere proiektu berriak

Udal taldean aldaketak egon badira ere, jarraikortasuna da nagusi eta jarraikortasun hau zinegotzi ordezkarietan zein hainbat proiektuetan da ikusgai. Horrek gobernu talde berriari egonkortasuna eta esperientzia ematen dio.

Zentzu honetan, eta agintaldi planak dituen ardatzen logikari jarraituz, proiektu hauek aurreratu ditu Gobernu Taldeak, lerro bakoitzeko bat:

– Indarkeria sexista pairatzen duten emakumeei arreta erreparatzailea ematea.

– Gabierrota pasealekua konpontzea.

– Beraungo auzo ekipamendua birgaitu eta martxan jartzea.

– Tokiko energia-politika autonomoak bultzatuko dira.

– Enplegu planak indartzeko diagnostikoa eginen da, ondoren epe ertaineko plana garatzeko.

– Garapen Ekonomikoa izeneko Udal azpisaila garatuko da, behar diren baliabideez hornitua.

Dena den, aipatutako ekitaldian Gobernu Taldeak agintaldi planaren eduki osoa publiko eginen du. Horretaz gain, dokumentua ere online jarriko da herritarrek jarraipena egin ahal izateko gardentasun ariketa batean bihurtuz Udalaren jarduna.

2020, gogoeta prozesu inportanteen urtea: Plan Estrategikoa berritzea, HAPOa lantzen hastea eta 700. urteurrena.

Horretaz gain, Udala dagoeneko 3 mugarri garrantzitsutan lan egiten ari dela aurreratu dute, eta 2020 urtea giltzarri izanen dela adierazi dute.

– Plan Estrategikoa berritzeko martxan jarriko den gogoeta edo prozesu parte-hartzailea gidatzeko esleipenaren idazketan lanean ari da Udala. Asmoa urtea hastearekin batera prozesu honi ekitea da, orain arte herriko norabidea markatu duen Plan Estrategikoa berritzeko.

– HAPOa ere berritu beharra dago. Hirigintza eredua gaur egungo gizarteari egokitu eta batez ere pertsonen beharrei erantzungo dien planifikazio bat lortze aldera.

– Datorren urtean Errenteriako herriak herri izaera hartu zuenetik 700 urte beteko ditu. Horretarako talde multidisziplinar bat ere sortu da Udalean, data hain seinalatua programazioz hornitu eta jarraipena izan dezan.