Orientabide juridikoa eta norbanakoaren jabekuntzarako gunea eskainiko dituzte Emakumeen Etxean

Emakumeen Etxean eskainiko diren bi zerbitzu berri aurkeztu ditu Emakumeen Etxeko talde eragileak: aholkularitza juridikoa eta norbanakoaren jabekuntzarako gunea.

Orientabide juridikoa

Aholkularitza eta orientabide berezia arlo juridikoan, genero ikuspegitik, emakumeen diskriminazio, babesgabetasun eta indarkeria egoeren inguruan laguntzeko: indarkeria matxista eta etxekoa, jazarpen sexuala, eraso sexualak, famili zuzenbidea, lanerako zuzenbidea, atzerritartasuna, etxeko langileen eskubideak, hirugarren adina: erretiroa, pentsioa, alarguntasuna; espetxe eta zigor zuzenbidea.

Helburua da aholkularitza juridikoaren bidez emakumeen autonomia eta ahalduntzea sustatzea, erabakiak hartzeko eta irtenbideak bilatzeko prozesuan parte-hartze aktiboa izan dezaten.

Marisa Rodríguez izango da zerbitzua eskainiko duen abokatua.

Norbanakoaren jabekuntzarako gunea

Banakako arretarako espazio interaktibo honek emakumeak hartzen ditu beren errealitateari hitzak jartzea lor dezaten helburua lantzeko, era horretan, errealitate hori identifikatu eta partekatzeko tresnak izan ditzaten eta ahalduntzeko ibilbidean hasi daitezen. Xedea da norberaren indarretan oinarritutako baliabideak lortzea, prebentzioa eta ahalduntzea helburu izanik eta elkarreraginez baliatuz.

Maite Santamaría izango da zerbituza eskainiko duen psikologoa.

Aurretiko hitzordua

Bi kasuetan, zerbitzuak jaso ahal izateko hitzorduak aurrez eskatu beharko dira, Emakumeen Etxean (Txirrita parkea) bertan:

9:00-13:00 Astelehen eta ostiralak

16:00-20:00 Astearte, asteazken eta ostegunak

Email bidez: emakumeenetxea@errenteria.eus edo telefonoz 943 449 630.

Lehen hilabeteetako jardunaren balorazioa

Emakumeen topaketarako, eztabaidarako eta gogoetarako gune erreferente izateko sortu zen Emakumeen Etxea. Baita feminismoaren eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko eta borrokaren erreferentzia-gunea izateko ere.
2019ko martxoan ireki zenetik hona norabide honetan jardun du errealitate anitzak bizi dituzten emakumeei aukerak eskainiz eta asko izan dira bidelagun izandako emakumeak.

Bereziki baloratu nahi dute Eskola Feministaren izen-emateak izan duen arrakasta. 170 emakumek hartuko baitute parte udazkeneko programazioan.
Era berean, 180 inguru izan dira informazio eske Etxera hurbildu diren emakumeak.

Bestetik, Emakumeen Etxeak antolatu dituen hilabeteko jardueretan 509 emakumek eta 47 gizonezkok hartu dute parte.

Hemen deskargatu dezakezu Emakumeen Etxearen eskuorria.