Hika Teatroak bere azken lanaren inguruko solasaldia eta tailerra eskainiko ditu emakumeei zuzenduta

Hika antzerki taldea Niessen Kulturgunean ariko da datozen bi asteotan euren azken lana, ‘Zaparrada / Avalancha’, prestatzen. Cielo Raso dantza konpainiarekin batera ari dira ikuskizuna osatzen eta beraz, dantza izango da protagonista nagusia.

Herrian egingo duten egonaldia aprobetxatuta, Errenteriako emakumeak antzerki eta dantza profesional hauekin solasaldi eta tailer bat partekatzera gonbidatu nahi ditu Udalak. Batez ere, dantza edo gorputzaren mugimendua lantzen duten emakumeei zuzenduta izango dira bi ekintzak, nahiz eta hau ez den parte hartzeko derrigorrezko baldintza.

Hau horrela, urriaren 17an Kulturguneko auditorioan ikuskizunaren entsegua ikusi eta ondorengo solasaldian parte hartzeko aukera izango dute izena ematen duten emakumeek. 12:00etan izango da hori. Arratsaldean, berriz, 17:00etan hasita, ordu t’erdiko mugimendu tailerra izango da obraren zuzendari den Igor Calonge eta hiru dantzariekin.

Izen-ematea Kultura saileko 943 44 96 34 telefonora deituta edo kulturakreaktiboa@errenteria.eus helbide elektronikora idatzita egin dezakete interesdunek. Horretarako azken eguna urriaren 16a izango da.