Jarduera fisikoa sustatzeko programak hasi dira, normalean kirolik egiten ez dutenei bideratuta

Kirola | Ongizatea 2019-10-15 | 0

Seigarren urtez jarraian udal kirol instalazioetan jarduera fisikoa sustatzeko programak hasi dira normalean kirolik egiten ez duten pertsonei bideratuta. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Plan integralak pertsonak mobilizatu nahi ditu bizimodu fisikoki aktibo eta osasungarria eraman dezaten eta, bertan jasotako apostuei jarraiki, hasi dira udal kirol instalazioetan jarduera fisikoa sustatzeko programak.

Programa hauetako lehenengoan doaneko ibilaldi osasuntsuak daude 65 urtetik gora duten pertsonentzat. Ibilaldi osasuntsu hauek mendi ibilbideetan erabiltzen diren antzeko bastoiak lagunduta egingo dira.

Lau talde antolatu dituzte: astelehenetan eta asteazkenetan Fanderiako Udal igerilekutik aterako dira eta astearteetan eta ostegunetan, Galtzarabordako Udal Kiroldegitik. Jarduera hori beti aire librean egiten da, baita euria egiten duenean ere. Kasu guztietan 11:15ean aterako da Fanderiako Udal igerilekutik eta 10:30ean Galtzarabordako Udal Kiroldegitik.

Monitore batek dinamizatu eta bideratuko ditu ibilbide osasuntsu hauek, eta hasi aurretik azalduko du bastoiak erabiltzeko teknika zein den.

Jarduera doakoa da eta 65 urtetik gorako pertsona guztientzat da, udal kirol instalazioetara abonatuta egonda ala ez. Dena den, beharrezkoa da aurretik izena ematea Galtzarabordako kiroldegiko harreran, (943 449 690) edo Fanderiako igerilekuko harreran (943 344 423). Arropa erosoa jantzita eta ariketa fisikoa egiteko gogoz joan behar da. Ibiltzeko bastoiak antolatzaileek banatuko dituzte.

Bigarren programak “Mugituz” du izena. Jarduera fisikoa egiteko programa da eta “ahul” dauden pazienteei bideratzen zaie. Paziente “ahulek” ezaugarri zehatz batzuei erantzuten diete eta oro har ondorengo faktoreetako bat edo gehiago izaten dute: 80 urtetik gorakoa, bakarrik bizi da, ezintzen duen patologia kronikoren bat du, polifarmazia, gizarte sarearen laguntza ez du nahikoa, …

Iztietako eta Beraungo anbulatorioekin elkarlanean, beren pazienteen artean antzeman eta beren osasuna hobetzeko jarduera-fisikoa praktikatu behar duten pertsonak bidaltzen dituzte. Klase horietara joan ahal izateko osasun alorreko profesionalen ziurtagiria behar da.

“Mugituz” programa ekainaren bukaera arte burutzen da bi taldetan (10:00etatik 11:00etara eta 11:00etatik 12:00etara), astelehen eta asteazkenetan, Galtzarabordako Udal Kiroldegian.

Azkenik, “Mugi zaitez Bihotza” programa jarduera fisikorako programa da eta bideratua dago osasun arazoak direla-eta tratamendu medikua jarraitzearekin batera bizimodu ohituretan aldaketak egin behar dituzten pertsonei. Publiko objektiboa jarduera fisikoan hasi gabeko pertsonak dira, edo eskarmentu txikia dutenak, eta jarduera gainbegiratu eta kontrolatua egitea behar dutenak. Profil horri honako patologiak dituzten pertsonek erantzuten diote: bronkitiko kronikoak, arrisku kardiobaskular handi edo moderatua duten pertsonak, gutxiegitasun kardiako kongestiboaren diagnostikoa duten pertsonak, …

Jarduerak orain arte izandako arrakasta kontuan izanda, Errenteriako udalak ahalegin handia egiten du programa zehatz honen finantziaziorako, aurreko denboraldian izandako plaza kopurua mantenduz.

Programa honetan izena emateko prozedura aurrekoaren antzekoa da. Errenteriako anbulatorioekin elkarlanean, Osasun zentroetako langileek beren pazienteen artean zuzendutako jarduera fisikorako programa honetan parte hartzeko beharra duten pertsonak antzemango dituzte, beren ezaugarriak kontuan izanda.

Jarduera hauek doakoak dira parte-hartzaileentzat, gastua Errenteriako Udalak bereganatzen baitu, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren lankidetzarekin.

Informazio gehiago Galtzarabordako kiroldegiko harreran, tel: 943 449 690) edo Fanderiako igerilekuko harreran (tel: 943 344 423).

No comments yet.

Utzi erantzuna