Niessen Kulturguneak arte eszenikoen udazkenerako programazioa aurkeztu du

Niessen Kulturguneak arte eszenikoen eskaintza zabala dakar datozen hilabeteotan. Zirkua, antzerkia, dantza, zuzeneko musika eta poesia uztartuko dira auditorioko oholtza gainean. Hala adierazi dute Ion Collar Kultura zinegotziak eta Iker Tolosa Kultura teknikariak prentsa aurrean. Eurekin batera izan dira Adriana Bilbao eta Beñat Achiary; biak ala biak larunbatean, hilak 19, izango den ‘Burdina’ ikuskizunaren protagonista.

Flamenkoa eta euskal tradizioa ‘Burdina’ proiektuaren hari eroaleak. Penintsulako hegoaldetik Bizkaira iritsitako migranteen kontaketa egiten du ikuskizunak, ikuslea meategi eta meatzariengana hurbilduz; izan ere, estua baita meatze-kulturak flamenkoarekin duen harremana. Errenterian emango duten larunbateko saioa 20:00etan hasiko da.

Hurrengo egunean, hilaren 20an, La estampida konpainiak ‘Las princesas del Pacífico’ antzezlana ekarriko du, 19:00etan; Agustina eta Lidia izeba-iloben bizitzaren erretratua, hain zuzen. Hilabetea amaitzeko, familiarteko publikoak D’click taldearen ‘Isla’z gozatzeko aukera izango du. Urriaren 25ean izango da hori, 18:00etan.

Yuriren asmoa betetzea xede duen espora txiki baten bidaia kontatuko du Bàcumek familiei zuzendutako ‘Blowing’ ikuskizunaarekin. Azaroaren 15ean izango da, 18:00etan. Azaroaren 16an, berriz, 20:00etan, Bilaka taldeak euskal dantzaren ikuspegi berritzaile bat eskainiko du ‘Saio zero’ izenburupean. Hilaren 17an Artedrama, Axut! eta Dejabu konpainien elkarlanetik sortutako ‘Zaldi Urdina’ antzezlana izango da 19:00etan.

Urtea amaitzeko, beste bi emanaldi ekarriko ditu abenduak: Ertzaren ‘Janeten titia’ hilaren 1ean, 19:00etan, eta 7 Burbujas taldearen ‘Burbuja’, familiako kide guztiei zuzenduta, hilaren 20an, 18:00etan.

Gainera, eta ohikoa denez, Atarian ekimenari esker, igandetan programatzen diren helduentzako ikuskizunen ostean, publikoak artistekin solasaldi bat izateko aukera izango duela gogorarazi dute.

Aipatu ikuskizunen sarrerak dagoeneko salgai daudela jakinarazi du Collarrek: Niessen Kulturguneko harrera bulegoan, astelehenetik ostiralera, 10:00etik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Ikuskizunaren egunean bertan, Kulturguneko leihatilan, ordubete lehenago, edo on-line, bibe.me webgunean.

Honekin batera, ikuskizunen prezioak ere aipatu ditu: helduentzako ikuskizunen sarrera 8 euroan eros daiteke eta familiei zuzendutako ikuskizunena 3 euroan. Gainera, Kultura txartelaren titularrek %20ko deskontua dute.

Horrez gain, herritarrak Niessenek eskainiko duen programazioaz gozatzera animatu ditu eta aurkeztutako programazio osoa Banbalinak izeneko arte eszenikoen agendan eta kultura.errenteria.eus webgunean aurki daitekeela gogorarazi du.

Flamenko tailerra

Programazioaz gain, flamenko tailer bat ere aurkeztu dute. Adriana Bilbao Errenterian izango dela baliatuta, larunbatean, ‘Burdina’ ikuskizunaren aurrerapen gisa, flamenkoarekin lehen hartu-emana izan nahi dutenei zuzendutako tailerra eskainiko du dantzariak.

Saioa doakoa izango da. 11:00etan hasiko da Niessen Kulturguneko 3. solairuko dantza gela batean, eta ordubeteko iraupena izango du. Parte hartzeko izena eman beharko dute interesdunek dantza@kukai.eus helbidera mezua bidalita.