Udal kiroldegiek bat egingo dute Bularreko Minbiziaren aurkako Mundu Egunarekin

Urriaren 19a Bularreko Minbiziaren aurkako Mundu Eguna da. Bularreko minbizia emakumeen artean tumore gaizto ohikoena da, eta urtero 1.300 kasu baino gehiago antzematen dira Euskadin.

Aste honetan zehar Galtzarabordako eta Fanderiako kirol instalazioetan arrosa koloreko kamisetak jarri dituzte salmentan, gaitz horren aurkako sinbolotzat. Saltzen den kamiseta bakoitzeko euro 1 emango zaio Gipuzkoako KATXALIN elkarteari.

Elkarte honek bularreko minbizia edota gaixotasun ginekologikoren bat diagnostikatua duten pertsonekin dihardu. Pertsona horiei laguntzeaz gain, ikerketarako bideratzen dituzte laguntzak. Kamisetak 6 euro balio du bazkideentzat eta 8 euro bazkide ez direnentzat.

Azkenik, gaixotasun horren aurka borroka egiten duten pertsona guztiei elkartasuna adierazteko larunbat honetarako antolatuta dauden ekimenetara arrosa koloreko kamiseta jantzita eramateko proposamena luzatu nahi die Udalak.