Atlantikaldiaren seigarren edizioarekin oso pozik agertu da Udala

Errenteriako Udalak Kultur Topagune eta Musika Jaialdiaren seigarren edizioaren balorazioa egin zuten atzo, hilak 17, prentsa aurrean. Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak eta Iker Tolosa jaialdiko zuzendariak hartu zuten hitza.

Tolosak azaldu zuenez, antolakuntza taldean, “beste behin”, pozik daude jaialdiak emanduenarekin, “oso-oso pozik”. Baina ez horrekin bakarrik: “Herritar zein bisitariak ere pozikikusi ditugu. Horrek ematen dio zentzua jaialdiari”, gaineratu zuen.

Atlantikaldiaren ‘Marea Biziek’ herrian eragin dutenaren ​laburpen bideoa​ aurkeztu zuen segidan.

Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak aurtengo jaialdiak izan duen inpaktu analisiaren berri eman zuen. Ikerketa Oarsoaldea Garapen Agentziak garatu du eta bere oinarria Dinycon enpresaren pertsona zenbatzailea (Herriko plazatik Zumardira eta Zumarditik Herrikoplazara jendeak egindako joan-etorriak zenbatu ditu) eta jaialdiko publikoari egindako 526 inkesta izan direla azaldu zuen.

2019ko edizioak 33.000 bisitari izan ditu datuen arabera, iaz baino %10 gehiago (Dinyconen zenbatzaileak 2018ko ediziotik %20ko igoera detektatu du baina Foru plazankokatu duten Gastrogune berriak eragindako joan etorriak direla eta, igoeraren datu erreala%10ean estimatu dute): “Publikoak egitarauaren kalitatea saritu du. Datozen edizioei begira,horretan jarriko dugu indarra hain zuen; kalitatezko jaialdi bat eskaintzea da gure nahia”azpimarratu zuen alkateak.

Kanpotik etorritako bisitarien kopurua ere igo egin da: publiko osoaren %24a izan da Errenteriatik kanpokoa. Errenteriatik kanpokoen artean, eskualdekoak ez direnak %47 dira.“Atlantikaldiak gero eta proiekzio handiagoa du eskualdetik kanpo”, esan zuen alkateak. Gainera, kanpotik etorritakoei datorren urteko jaialdira etortzeko asmoaz galdetzerakoan,%95ak baiezkoa eman duela azpimarratu zuen. ”Publikoaren erantzuna apartekoa izan da eta asebetetze maila oso altua dela diote datuek: %84ak gustuko izan du egitaraua”.

Pozik agertu zen Errenteriako alkatea datuak ematerakoan: “Seigarren edizio hau, eguraldia lagun, jaialdi borobila izan dela esan dezakegu”. Atlantikaldia inguruko jaialdien zirkuituanindartsu sartu dela ere esan zuen.

“Hau benetan da garrantzitsua guretzat, Errenteria kultur erreferente bilakatzen laguntzen duelako eta gure herria mapan kokatzen duelako” gaineratu zuen.

Kultur Topagune parte-hartzailea

Jaialdiaren arrakastaren beste gako bat aipatu nahi izan zuen Iker Tolosa jaialdiko zuzendariak: “Eragileen inplikazioa aparta izan da: kultur eragileak, kirolari lotutakoak, merkatariak, ostalariak…”

Horiez gain, komunitate ezberdinetako eragileek Atlantikaldia euren egutegian txertatu dutela ere esan zuen Tolosak: “Egitaraua osatzeko ekintzak proposatzeaz gain, jaialdiarenkontsumitzaile ere bilakatu dira”. Halaber, “bereziki” garrantzitsua den zerbait lortu delaazpimarratu nahi izan zuen: “Atlantikaldia herriko komunitate anitzen arteko elkarbizitzareneredu bilakatu da. Herritarren topagunerako molde berriak sortu ditugu guztion artean”.

Horren erakusle, bi datu eman zituen zuzendariak: “2019ko edizioak ia 90 jarduera bildu ditueta horiek 24 jatorri ezberdinetako eragileek garatu dituzte”.

Tolosaren hitzetan herriak babesa eman zion jaialdiari seigarren urtez egitaraua osatzerako orduan eta baita parte-hartzerakoan ere: “Hau oso pozgarria da guretzat”.

Etorkizunean jarri nahi izan zuen Iker Tolosak begirada eta Atlantikaldiaren filosofia urte osoan zehar gertatzen diren ekintzetara zabaltzeko lanean jarraituko dutela adierazi zuen. Amaitzeko, datorren urteko Atlantikaldia, irailaren 24tik 27ra ospatuko dela aurreratu zuen.