‘The Golden Apple… Xey’ emanaldia eskainiko dute Golden Apple Quartet taldeak eta Errenteriako Musika Bandak

Azaroaren 22an ‘The Golden Apple… Xey’ ikuskizuna eskainiko dute Golden Apple Quartet ahots taldeak eta Errenteriako Musika Bandak.

Emanaldia Fatima Elizan izango da, 20:30ean, eta sarrerak salgai daude jada Niessen Kulturgunean.

Los Xey taldeari omenaldi berezia izango da, eta herrian estreinatzearen arrazoia taldeak Errenteriarekin eta Musika Bandarekin izan zuen harreman estuan datza. Izan ere, Los Xey taldearen sorreran eta bilakaeran garrantzi handia izan zuten Olaskoaga anaiek: Xabin Olaskoaga, lehen tenore, partaide nagusi izan zen urte askoan, eta Xabier Olaskoaga, taldearen fundatzaileetako bat. Gainera, Xabin Olaskoaga Musika Bandako klarinetea izan zen.

‘The Golden Apple… Xey’ ikuskizuna

Los Xey taldeak konpostau edo abestu zituen kantuetako 16 aukeratu dituzte Golden Apple Quartet taldekideek: Loyola Garmendia, Mikel Urreizti, Manuel Romano eta Eduardo Errondosoro. Hori bai, haien ikuspuntutik moldatudituzte. Xabier Zabala musikari zarauztarrak konpondu ditu partiturak eta Carlos Rodriguez Albistur da ikuskizunaren zuzendari artistikoa.