Oarsoaldeako ikasleen erdiak ari dira parte hartzen Eskola Kirolan aurten

Oarsoaldeko Eskola kirolaren 2019-20 ikasturteko lehen datuak aurkeztu dituzte Oarsoaldeko kirol zinegotziek – Maite Gartzia (Errenteria), Eneritz Arbelaitz (Oiartzun) eta Irlentz Ortega (Lezo) –. Daturik nabarmenenak eta eskualde honetako eskola kirolaren filosofia, helburuak eta funtzionatzeko moduak azaldu dituzte egitura osoa profesionala duen eskualdea dela nabarmenduz.

Oarsoaldeko lau udalek 20 bat urte daramatzate Eskola Kirolaren kalitatea hobetzeko lanetan. Kirol eta euskara teknikarien lan-mahai batek, eskola kiroleko koordinatzaileen bitartez, gidatzen du lan hori.

Eskola Kiroleko adierazleek hobetzen jarraitzen dute. Aurten ere eskualdeko eskola kirolak azken urteetako bilakaera paregabeari eusten dio, datuak ikusi besterik ez dago.

Ikasleen ia erdiak Eskola Kirola egiten du eta nesken parte hartzea gorantz jarraitzen du.

• Ikasleen % 48,93k egiten du eskola kirola aurten. 8 eta 12 urte arteko 1.328 ikaslek egiten dute eskola kirola Oarsoaldean. Oarsoaldeko ikastetxeetan matrikulatuta dauden 8-12 adin tarteko ikasleak 2.714 dira guztira. Honek erakusten du datu hauen benetako neurria eta garrantzia, ikasleen ia erdiak egiten baitu eskola kirola eskualdean.

Datu honek eskola orduz kanpo haur eta gaztetxoek egiten dituzten jardueren artean nagusi bihurtzen du Eskola Kirola. Hortik, besteak beste, bere garrantzia.

• 130 talde aritzen dira guztira Oarsoaldean, horietatik 69 Errenterian.

• 66 entrenatzaile arduratzen dira 130 talde horien saioak gidatzeaz, 22 emakumezko eta 44 gizonezko.

• Nesken parte hartzea gorantz doa urtez urte, poliki bada ere. Nesken % 34,76k hartzen du parte eskola kirolean. Mutilen artean ehuneko hori % 61,63 da.

• Eskola kirola jarduera %100 euskaraz egiten da gaur egun, urteotan guztiotan egin den lanari esker entrenatzaileen kirol prestakuntza eta euskararen ezagutza eta erabilera ahalbidetzen baitira gaur egun.

Gurasoentzako deia

Datu esanguratsuenak aipatzeaz gain, gurasoentzako bi mezu bidali dituzte Oarsoaldeko kirol zinegotziek. Batetik, Eskola Kirolan aipatutako baloreak lantzen diren heinean, orain arte bezala jokaera eredugarria erakusten jarraitzera animatu dituzte gurasoak eta haurrak bai kantxatan, baita harmailatan ere. Bestetik, auto partikularra alde batera utzi eta partidatara joateko bestelako garraio modu batzuk erabiltzeko ahalegindu daitezen eskatu diete.