Errenteriako Babes Zibilak lur orotako ibilgailu berria dauka

Udalak lur orotako ibilgailu berria eman dio Babes Zibilari.

Zehazki, Isuzu Pick Up 4×4 modeloa da, elurra kentzeko palak eta gatza banatzeko gailuak hornitutakoa. Hortaz, egunerokoan erabili ahal izango dituzten 4×4 eginkizunetaz gain, elurteetan Brigadako ibilgailua iritsi ezin daitekeen kale estuetan sartu ahal izango dute garbiketa lanak egiteko.

Babes Zibileko ibilgailu berria. Egin klik irudia handitzeko.

Ibilgailu honetaz gain, Babes Zibilak beste lur orotako bi eta quad bat ditu.
Ibilgailuaren harreran egon ziren Bernar Lemos, Segurtasun Azpisailaren zinegotzi delegatua, eta Errenteriako Babes zibileko zenbait ordezkari. Bertan, Lemosek nabarmendu zuen taldea osatzen duten boluntarioek egiten duten lana.

Bestalde, Babes Zibileko kideek azaldu zuten Udalaren menpe daudela eta Errenteriako taldea 28 lagunek osatzen dutela, denak boluntarioak eta egiten dituzten zereginetarako formakuntza jasotakoak. Talde honek udaltzaingoari, suhiltzaileei zein osasun-langileei laguntzen die, eta beharren arabera egiten dute lana. Gainera, azaldu zuten larrialdietaz gain aurreikusitako ekitaldietan ere aritzen direla, prebentzio lana ere egiten dutela, alegia.

Azkenik, adierazi zuten nahi duenak bat egin dezakeela taldearekin, eta horretarako prestakuntza emango zaiola, izan ere “beti dator ondo jende gehiago animatzea”. Azpimarratu zuten taldeko kideek oso profil ezberdinak dituztela, besteak beste, denbora gehien daramatenak duela 26 urte hasi ziren boluntario gisa, baina iristen azkenak hilabete besterik ez darama taldean. Zentzu honetan, asteazkenero egiten dute bilera 19:00etan Babes Zibilaren egoitzan, Udaltzaingoaren jarraian dagoena, koordinazio lanetarako eta, batez ere, taldea indartzeko. Beraz, gonbitea luzatu zuten interesa duen oro gerturatu dadin informazio eske eta kideak ezagutzera.