2020 urterako aurrekontu proposamena aurkeztu du Gobernu Taldeak

Gardentasuna | Udal antolamendua 2019-11-08 | 0
Argazkian, ezkerretik eskuinera: Garazi Lopez de Etxezarreta, Ogasun zinegotzia; Aizpea Otaegi, alkatea, eta Ion Collar, alkateordea.

2020. urterako 55.459.100 euroko aurrekontu-proiektua aurkezten du Udal Gobernu Taldeak. 2019ko aurrekontuarekin alderatuz gero, % 2,66ko igoera suposatuko du. Milioi eta erdi gehiago.

Aurrekontu-proiektua dagoeneko helarazi zaie oposizioko taldeei eta datorren astean ekin nahi zaie negoziazioei. Izan ere, Gobernu Taldeak azaroaren 26ko udalbatzan onartu nahi ditu aurrekontuak.

Prentsaurrekoan azaldu dute ordenantza fiskalak aho batez onartzeko gai izan zirela berriki, hori berri ona izan zela eta aurrekontuen onarpenari begira ere, nahi luketeela elkarlanerako prestasun berdinarekin topo egin.

Hona hemen udal-aurrekontuaren ezaugarri nagusiak diru-sarrerei eta gastuei dagokienez, eta 2019ko datuekiko alderaketa:

SARRERAK

Diru-sarrerak. Egin klik irudia handitzeko.

Diru-laguntzatan izan ezik, gainerako sarrera-aurreikuspenetan igoerak daude. Dirutan, bereziki nabarmentzekoak dira, foru-funtsaren igoera (ia milioi bat gehiago) eta udal zerga- eta tasetan atalean aurreikusten dena, milioi erdi pasa. Aurrekontu-igoerak beraz, sarrera horietan egongo diren hazkundeari erantzuten dio.

GASTUAK

Gastuen banaketa. Egin klik irudia handitzeko.

Aurrekontuaren ezaugarri orokorretatik harago, herrikideen bizi-baldintzak eta gure herriaren garapena ahalbidetzeko aurrekontuak jasotzen dituen proiektu estrategikoak honakoak dira, gastu-atalaren arabera.

GIZARTE ONGIZATEA

Errenteriako Udalaren azken urteotako apustu nagusietako bat izan da herrikideen bizitzak erdigunean jarri eta zaurgarritasunari eta ziurgabetasunari erantzunez, herrikide guztien bizi-baldintza duinak bermatzeko politikak ahalbidetzea.

Horrek aurrekontuaren aldetik apustu esanguratsua egitea esan nahi du eta hor daude datuak: ia lau milioi euro (3.883.500 €) eta 2019. Urtearekiko aurrekontuaren % 5,5eko igoera.

Esparru honetan garatuko diren politiken esparruan, proiektu berri gisa nabarmentzekoa iruditzen zaigu, bakarrik bizi nahi ez duten adinekoei alternatiba bat eskaintzeko asmoa, eraiki nahi diren etxebizitza tutelatuen proiektuari helduko zaiola.

HIRIGINTZA ETA HIRI-MANTENUA

Gure herria erosoagoa, garbiagoa eta finean, bizigarriagoa izan dadin lan handia egiten da hiri mantenutik eta hirigintza arlotik eta horren adierazgarri da aurrekontuaren % 27 horretan inbertitzea.

Esan dugu behin baino gehiagotan agintaldi honetako ekimen estrategikoetako bat Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berritzea izango dela eta horretara bideratuko dira 2020. urtean 220.000 €, eta 2021 eta 2022 urteetan beste 100.000 €-na.

HAPOa izango da etorkizuneko gure herria determinatuko duen tresna garrantzitsuenetako bat eta HAPOaren beraren lanketa egiteko aurreikusia dugu parte hartzeko prozesu garrantzitsu bat garatzea.

Esku-hartze urbanistikoei dagokienez, auzoz auzo, honako proiektuak nabarmendu ditzakegu:

• Pontikan Barandiaran parkea eta garajeak egiteko 1.000.000 euro aurreikusi dira 2020rako eta beste miloi bana 2021 eta 2022 urteetarako.

• Beraungo auzoan kirol ekipamenduen egokitzapenarekin jarraituko dugu. Datorren urterako futbol-zelaiaren berriztapena egitea aurreikusita dago eta horretarako 767.000 € beharko ditugu.

• Agustinetan, Markola eraikina berrituko dugu, egun duena baino irisgarritasun hobea bermatzeko eta hainbat udal-ekipamendu eta zerbitzu bertan kokatzeko. Horretarako, 200.000 €ko partida aurreikusi ditugu.

• Iztieta-Ondartxori dagokionez, Ondartxoko hiltegia eta bere ingurua txukundu eta zaharberritzeko proiektua martxan jarriko dugu. Horretarako, beste 200.000 € aurreikusi ditugu.

Atal honetan, beste kontu bat ere nabarmendu nahi genuke: kale-argiztapena berritzeko egiten ari den lana. Gure herriko auzoetako argiztapena hobetzeaz gain gure ingurunearekiko jasangarriagoa den sistema ezartzen ari gara, LED argiztapen sistemaren bitartez. Horretarako, 2020. Urterako 400.000 euro aurreikusi ditugu, 300.000 € kale argiztapenarekin lotuta, eta beste 100.000 € udal-eraikinei dagokiena.

Gure herriaren ezaugarriak kontutan hartuta, azken urteotan hainbat igogailu egin dira. Momentu honetan Beraun auzoko igogailuak ari gara gauzatzen eta datozen bi urteetan Erdigunea eta Gaztaiño lotuko dituena aurreikusten da. Kasu honetan 2020an 200.000 euro izango ditugu eta beste 900.000 konprometituko ditugu 2021eko aurrekontuan

INGURUMENA

Aipatu dugu LED argiteria dela eta ingurumenarekiko abegikorrak izango diren politikak sustatzea dela gure helburuetako bat. Bestelako esku-hartzeak ere aurreikusi ditugu alor honetarako.

• Oiartzun Ibaia balioan jarri eta bere inguruak berreskuratzeko apustua dago batetik: oraintxe martxan den Ondartxoko pantalanetik hasi eta Lartzabaleraino lanean dihardugu. Lartzabal inguruan errekagunea txukuntzeko erabiliko ditugu, hain juxtu, 135.000 euro 2020an.

• Bere momentuan egin zen parte hartzeko prozesua oinarri hartuta, Arramendi parkea gune berde eta natural gisa txukundu eta balioan jartzeko 100.000 euro aurreikusi ditugu.

• Horiez gain, Klima Larrialdiari aurre egiteko Plan bat onartu berri du Udalak eta bertan jasotako ekimen desberdinak garatzeko 288.000 € aurreikusi dira.

KULTURA

Kultura gure herritarren eta herriaren eraldaketarako esparru estrategikotzat dugu eta horrek bere isla du aurrekontuan: 11,5 puntuko igoera aurreikusi dugu. 2020. Urtea Lekuona Kultur Labearen eta Beraungo auzo-ekipamenduaren urtea izango da.

Bien eraikuntza- eta birgaitze-prozesuak martxan daude eta datorren urtean irekiko dituzte beraien ateak. Horretarako, 2020. urteko aurrekontuan 750.000 euro aurreikusi ditugu, alde batetik proiektu hauek beharko dituzten ekipamenduak bermatzeko, eta bestetik, ekipamendu horiek edukiz hornitzeko behar diren ekimenak eta jarduera desberdinak aurrera eraman ahal izateko.
Ezin aipatu gabe utzi, 300.000 euro aurreikusi dugula gure herriaren 700 urteurrena ospatzeko.

GARAPEN EKONOMIKOA

Kultura gure herriaren eraldaketa sozialerako beste da gure herriaren garapen ekonomikorako tresna garrantzitsua eta kulturaren esparruan aipatutako inbertsioetako batzuk lotura zuzena dute hain juxtu, gure herriaren garapen sozio-ekonomikoarekin.

Kulturarekin lotutako bestelako ekimen garrantzitsuak ere badira, garapen ekonomikoaren atalean jasotakoak. Horren adibide garbia da artisau auzoa sustatzen jarraitzeko eta lanbide sortzaileen esparruan erreferentziazko herri izateko egingo den ahalegina: 645.000 euro inbertituko dira horretan.

Garapen ekonomikoaren esparruan, beste ekimen garrantzitsua pasa den astean aurkeztu genituen enplegu-planetan egingo den inbertsioa da: 500.000 € lan-merkatuen zailen duten herrikideen enplegagarritasuna hobetzera bideratuta.

PARTAIDETZA ETA ZEHARKAKO POLITIKAK

Aurrekontuaren aldetik atalik xumeena izan arren, ehunekotan igoerarik handiena izan duen atala ez dugu aipatu gabe utzi nahi, izan ere, udalgintza ulertzeko eta egiteko moduari buruzko asko baitio.

Aipatu dugu lehen HAPOa berritzeko prozesuan murgilduta gaudela eta etorkizuneko hiria determinatuko duen tresna izango den neurrian, ezinbestekoa dela herritarrek parte hartzeko prozesu zabal bat irekitzea. 2020. Urtea Plan Estrategikoa berritzeko urtea ere izango da eta beraz, 2020. Urtea orainaz eta etorkizunaz modu kolektiboan hausnartzeko urtea izango da. Horri gehitu behar diogu gainera, herriaren 700. Urteurrena izango dela, eta urteurrena erabili nahi dugula hain juxtu, herri gisa egun ditugun erronkez gogoeta egiteko eta erronka horiei aurre egiteko estrategia partekatuak adosteko.

Etorkizuneko herriaren inguruko gogoetak, gogoeta eta plangintza sektorialei ere bide eman behar die eta horiek elikatu, besteak beste, emakume eta gizonen berdintasunaren eremuan, edota lgtbi+ politiken inguruan garatuko direnak. Gogoeta eta plangintza horiek guztiak modu parte-hartzailean garatzeko 180.000 euro izango ditugu.

No comments yet.

Utzi erantzuna