Indarkeria matxistari buruzko jarduerak prestatu ditu azarorako Emakumeen Etxeak

Azaroaren 25ean Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Emakumeen Etxeak hainbat ekitaldi antolatu ditu, indarkeria matxistari buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko.

Azaroaren 12an, arratsaldeko 18:30ean ‘Erradikalak ginen’ antzerkia ikusteko aukera izango da. Bea Egizabal antzerkilariak eta Ane Labaka bertsolariak haien azken ikuskizuna aurkeztuko dute.

Azaroaren 21ean, ‘Volar’ dokumentalaren emanaldia eta eztabaida antolatu da, arratsaldeko 18:00etan. Bertha Gaztelumendik zuzenduta, ‘Volar’ dokumentalaren protagonista diren bederatzi emakumeen ekimena da, genero biolentziaren aurka eurek eginiko lan ausartaren emaitza.

Bestetik, azaroaren 26an, 18:00etan, ‘Nola hobetu dezakegu indarkeria jasaten duten emakumeei ematen zaien arreta?’ lelopean Miren Ortubayk emango duen hitzaldia egongo da. Miren Ortubay zuzenbide penalean eta indarkeria sexistan aditua da eta sistema penalari buruz hausnarketa egiteko gakoak emango ditu.
Bestetik, autodefentsa feministari buruzko bi tailer eskainiko dira Eskola Feministaren udazkeneko programaren barnean.

‘Autodefentsa feminista’ tailerra, euskaraz izango da, 8 ordukoa eta Emagin Elkarteak emandakoa. Erasoak identifikatzen eta indarkeria nola sortzen eta eraikitzen den eta zer ondorio dituen ikusiko da. Azaroaren 16an, larunbata, izango da.

‘Autodefentsa feminista sare sozialetan’ tailerra, gaztelaniaz izango da, 6 ordukoa eta Setem Factoría de Valores eta Colectiva #Akelarre Ciberfeministak eskainiko dute. Sarean emakumeek eta arauz kanpoko genero-identitateek jasaten duten indarkeria aztertuko da. Azaroaren 29 eta 30ean izango da.

Ikastaroetan izena-emateko bi aukera daude: ZU! Zure Udala – Arreta Zerbitzuan (7:30-15:00 astelehen, asteazken eta ostiralak. 7:30-19:00 astearte eta ostegunak) edo on line.

Azkenik, azaroaren 19tik abenduaren 15a arte, ‘Errenteria tratu onen alde’ izeneko erakusketa ikusgai egongo da. Hainbat eskolatako ikasleek tratu onen aldeko lanketa egin ostean sortu dituzten lanak egongo dira ikusgai Emakumeen Etxean.

Gogorarazten dizuegu Emakumeen Etxeak ateak irekita dituela astelehen eta ostiraletan, 9:00etatik 13:00etara, eta asteartetik ostegunera, arratsaldez, 16:00etatik 20:00etara, Txirrita Parkean, zk.g.

943 449 630

emakumeenetxea@errenteria.eus