Jostailu eta jolasekin beteko dira 2020ko inauteriak

Inauteriak festa haundi bihurtu nahi ditu Inauteri Batzordeak eta horregatik, aurten ere, lanean gogora ari dela adierazi zuten, asteazkenean, hilak 6, prentsa aurrean: ‘Dagoeneko ezagunak zaizkigun Oilarqueen, Asteme eta Katuko pertsonaien laguntzarekin, jendez bete nahi ditugu herriko kaleak eta jai giroa ahalik eta txoko gehienetara hedatu’.

Gainera, jai parte-hartzailea sustatu nahi dutela esan zuten eta horretarako, datozen inauterietako gaia hautatzeko herri galdeketa egin dutela.

‘Zertaz mozorrotuko zenuke Errenteria 2020ko inauterietan?’ da herritarroi egindako galdera. Proposatutako gaiak, berriz, jostailu eta jolasak, kirolak, intsektuak, Teoren ipuinak, zonbiak eta janariak.

Botoa emateko, ohikoa denez, bi modu eskaini dizkiete herritarrei: Herri Bizia webgunearen bidez eta udal eraikinetan jarritako kutxen bidez.

Guztira 603 bozka jaso dira, 214 internet bidez eta 389 paperean, eta ondorengoa izan da bozkaren emaitza:

  •  Jostailuak eta jolasak: 172
  •  Kirolak: 127
  •  Intsektuak: 45
  •  Teoren ipuinak: 49
  •  Zombiak: 168
  •  Janariak: 42

Datu hauek aintzat hartuta, 2020ko inauterien gaia JOSTAILUAK ETA JOLASAK izango dela aurkeztu zuten.

Agerraldiaren bidez, dei berezia egin nahi zieten, taberna, saltoki, koadrila eta norbanakoei, zirkuaren gaia ardatz hartuta euren mozorroa prestatzeko.

‘Gure aldetik, egitarau zabala eta anitza osatzeko lanean ari gara, herritar guztien gozamenerako’, amaitu zuten.