Afrikako musika izango da nagusi Landarbasoren Santa Zeziliako kontzertuan

Landarbasoko Doinuak, hau da, Landarbasoko hiru taldeek (Kontari, Dizdizka eta Landarbarso Abesbatza) osatzen duten markak, ‘Afrika’ kontzertua eskainiko du azaroaren 23an, 20:00etan Fatima elizan.

Emanaldi horretan Afrikako lanak, musika beltza eta hegoafrikako egileen doinuak gozatzeko aukera egongo da. Honetaz gain, Baliko lehiaketan Landarbaso Abesbatzak eskaini zuen egitaraua ere presente izango da, eta ezustekoak ere egongo dira.

Bidaia horretatik ere musika ugari ekarri zuen taldeak, eta hori ere kontzertu berezi horretan entzungai egongo da.

Aurkezpenean adierazi dute emozioz jositako kontzertua izango dela, publiko orokorrarentzat oso egitarau atsegina izango duena.

Landarbaso abesbatzari omenaldia

Bestalde, emanaldi honetan Errenteriako Udalak Landarbaso Abesbatza omenduko du Baliko lorpenengatik. Landarbasok lehiaketan lortutako garaikurrak, baita Grand Prix edo Sari Nagusiko handiena ere, erakustoki batean ikusgai jarriko dituzte elizara hurbiltzen diren entzule guztienzat eta Udalak taldeari bere historiako lorpenik handiena denaren aitorpena egingo dio.

Sarrerak salgai

Kontzerturako sarrerak ohiko bideetan eskuratu daitezke jada: Niessengo lehiatilan eta online www.landarbaso.com helbidean. Egunean bertan ere salgai egongo dira ordubete lehenago elizako atarian. Helduen sarreren prezioa 6 eurokoa izango da, eta 12 urte bitarteko haurrena, 3 eurokoa.