Musika eskaintza ugaria egongo da asteburuan Santa Zezilia eguna dela eta

Kultura 2019-11-15 | 0

Datorren astean Santa Zezilia eguna izango da eta hori ospatzeko kontzertuak eskainiko dituzte herriko zenbait taldek.

Azaroak 16, larunbata: Andra Mari Abesbatzaren Santa Zezilia kontzertua ‘Requiem – M Haydn’. Jose Luis Ansorena In Memoriam

Bihar, larunbata, Andra Mari Abesbatzak Jose Luis Ansorena Miranda omenduko du, hura izan baitzen abesbatza 1966an sortu eta 1994ra arte zuzendu zuena.

Kontzertu-omenaldi honetan Michael Haydnen Requiem meza do minorrean interpretatuko da, Mozartek bere Requiem ezaguna konposatzeko inspirazio gisa erabili zuen lana. Talde errenteriarrak Conductus Ensemble 1813 izango du lagun instrumentuetan, eta Jone Martinez (sopranoa), Lucia Gomez (mezzosopranoa), Ariel Hernandez (tenorra) eta Jesus Garcia-Arejula (baritonoa) izango dira bakarlariak.

Kontzertua 20:00etan hasiko da Fatimako elizan, eta sarrera doakoa da.

Azaroak 17, igandea: Karnaba eta Ardual Otxoteen kontzertua

Igandean, eguerdiko 12:30ean Madalena Basilikan, Karnaba Otxoteaak antolatuta, bi otxote entzuteko aukera egongo da.

Kontzertuan parte hartuko dute Errenteriako Karnaba Otxoteak, Sergio Zapirain Mendizabal zuzendaritzapean, eta Castro Urdialeseko Ardual Otxoteak, Alberto Tejerina Fernandez zuzendari duela.

Talde bakoitzeko programan hainbat egileren abestiak entzuteko aukera egongo da, hala nola, Guridi, Elberdin, Morera, Aita Madina, Sorozabal, e.a.. Azpimarratzekoa da ‘El cant dels ocells’, kataluniar eguberri abestia, Pau Casalsek armonizatua, Karnaba otxoteak abestuko duena, Maider Zapiarain txelistarekin batera.

Bukatzeko, bi otxoteek Uruñuelaren ‘Maitia nun zira’ abestuko dute elkarrekin.

No comments yet.

Utzi erantzuna