Trukegunea abian jarri dute Galtzarabordan, Hondakinen Prebentziorako Europako astearen barruan

Hondakinen Prebentzioarako Europako Astea azaroaren 16a eta 24a artean egingo da aurten. Europako Batzordeak sustatzen duen ekimenen honen bitartez, Europa osoko eragileek bilatzen dute berrehondakinen sorrera saihestea eta birziklapena bultzatzeko ekintza iraunkorrak indartzea. Aurtengo gaia sentsibilizazioa eta komunikazioa izango da.

Udalak hiru ekimen burutuko ditu herritarrak sentsibilizatzeko asmoz eta produktuen berrerabilpena eta hondakin gutxiago sortzeko helburuarekin.

Testuinguru honetan Errenteriako Udalak eta Gurutze Gorriak gaur aurkeztu dute Trukegune izeneko ekimena. Ekogunea eta Udalaren eskutik martxan jarriko da, Gurutze Gorriaren laguntzaz, eta Gabonen amaiera arte mantenduko da. Gune honetan erabiltzen ez ditugun baina berrerabilgarriak diren objektuak utz eta hartu daitezke. Trukegune puntua Galtzarabordako udal kiroldegian jarri dute.

Astearen markoan ere, Udalak auzokonpostajea eta etxekonpostajea sustatu nahi ditu herritarren artean . Hori dela eta Udalak herritarrak konposta egitera animatu nahi ditu eta azaroaren 25ean goizez 9,30-13,30 tartean eta Gamon Zumardiko merkatu txikian, informazio puntu bat jarriko da edonork gerturatu eta gai honi buruz dituen zalantzak argitu eta informatzeko.

Azkenik, azken hilabeteotan udalak herriko hainbat ostalaritza gune eta frutategiekin janari-xahuketa ahalik eta gehien saihestea helburua duen jarduera martxan jarri zuen. Ekintzan parte hartu dituzten establezimenduekin lan pertsonalizatua gauzatu da: dendaren diagnostikoa egin ondoren ekintza plan berezitua aurkeztu zaie, hondakin gutxiago sortzeko, berrerabiltzeko eta gaika modu egokian biltzeko. Amaitzeko saltokien arduradunek konpromisoa hartu dute hobekuntza-proposamen batzuk aurrera eramateko.
Ekimenean parte hartu dute zortzi jatetxek eta zazpi frutategik.
Errenteriaren gaikako bilketa garapen oso positiboa izan du azken urteotan: 2014an %32ko tasatik %60ra 2018an. Herritarren sentsibilizazioa gora egin badu ere, oraindik hobetzeko aukera handia dago. Hori dela eta, udalak lanean jarraitzen du herritarrak informatzeko eta denon artean hondakin geroz eta gutxiago sortzeko helburuarekin.