Errenteriak 2020ko ITZULIA-ren bat etapa hartuko du

Ezkerretik eskuinera: Julian Eraso, Euskadi Txirrindulari Antolakuntzak; Arkaitz Iza, OTXE; Nicolas Santesteban, Laguntasuna Txirrindulari Elkartea; Ane Santesteban, txirrindulari profesionala; Aizpea Otaegi, alkatea; Maite Gartzia, Kiroletako zinegotzia; Aritz Bagües, txirrindulari profesionala.
Ibilbidea

Organizaciones Ciclistas Euskadi – Txirrindularitzaren Antolakuntzak, ITZULIA-BASQUE COUNTRYren antolatzaileak eta Errenteriako Udalak akordioa adostu dute Errenteria 2020ko ITZULIA hartuko duen egoitzetako bat izan dadin. Datorren urtean probaren 60. edizioa izango da apirilaren 6tik 11ra, eta laugarren etapa, apirilaren 9an jokatuko dena, Errenterian amaituko da. Hurrengo egunean, apirilak 10, bosgarren etapa Errenteriatik abiatuko da Bizkaiarantz.

Laugarren etaparen ibilbidea ez dago oraingoz erabat finkatua, baina, hasiera batean, tropela Oiartzundik iritsiko da eta Matxain parean txirrindulariak estratatik igoko dira. Kanposantutik pasatuko dira eta Zamalbiden San Marko aldera igoko dira. Handik Berauna jaitsi eta Irunerantz jarraituko dute. Behin Erlaitza igota, Errenteriako Zumardian zain izango dute helmuga.

Dagoeneko Udalak, erakunde antolatzaileak eta Errenteriako Txirrindularitza Klubek (Laguntasuna Txirrindulari Kluba eta Oarsoaldeako OTXE) lehenengo harremanak izan dituzte, kirol proba garrantzitsu honen oinarriak antolatzeari begira.

Errenteriak, 1993an Euskal Herriko Txirrindularitza Itzuliko etapa bat hartu zuen, eta 2017an EMAKUMEEN BIRA herrian bukatu zen. Oso harrera ona eduki zuten bi probek herrian, izan ere, txirrindularitzarako zaletasun handia dago Errenterian; horren erakusgarri dira Ane Santesteban eta Aritz Bagües goimailako txirrindulariak eta Luis Otaño, Periko Matxain, Julian Andiano, Josean Davoz, Mikel Ugartemendia, Dorleta Eskamendi… txirrindulari-ohiak.
ITZULIAren etapa hau Errenteriako Udalaren sorreraren 700 urteurrena ospatzeko jardueren egitarauan kokatzen da.