Baserritar jantzien erakusketa zabalik da Jantziaren Zentroan

Iraultza Dantza taldeak urtero Gabon jaietan egin ohi duen baserritar jantzien erakusketak zabalik ditu ateak. Duela ehun urte gure baserritarrek soinean eramaten zuten jantzia ezagutzeko aukera du Jantziaren Zentrora hurbiltzen den orok urtarrilaren 6ra bitarte.

Kapitain Etxearen behe solairuan kokatutako erakusketak aretoko bi paretak hartzen ditu. Orotara 15 jantzi dira, 12 emakumezkoenak eta hiru gizonezkoenak. Guztiak XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen hasierako jantzi originalen zein argazkien kopiak dira. Jatorriari dagokionez, Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa, eta Lapurdiko jantziak dira. Zehazki: Hondarribia, Legazpi, Donostia, Bilbo, Atarrabia, Beasain zein Azkoitiko jantziak ikus daitezke.

Jantziekin batera erakusketan argazkiak ikus daitezke. Eulalia Abaitua (Bilbo, 1853/Bilbo 1943) argazkilariak duela ehun urte baino gehiago Euskal Herriko baserritarrei ateratako irudiak dira gehientsuenak. Abaituak 2.500tik gora argazki atera zituen, gehientsuenak Euskal Herriko herritar, tradizio eta jaietan egindakoak dira. Bilduma Bilboko Euskal Museoaren esku dago gaur egun.

Irekiera egunak eta ordutegia

Erakusketarako sarrera doan da eta ordutegiari dagokionez asteburu eta jai egunetan dago zabalik, larunbatetan 11:00-14:00/17:00-20:00etara eta igande eta jai egunetan 12:00-14:00 etara.

San Tomas egunean ere Jantziaren Zentroak ateak zabalik izango ditu ohiko ordutegian. Goizean 11:00-14.00ak bitarte, eta arratsaldean 17:00-20:00ak arte.