EMKEk urteko balantzea egin du eta Gabonetako egitaraua aurkeztu

Gabonak gainean ditugu eta EMKEk 2019 urteko balantzea egin du, eta Gabonetako egitaraua aurkeztu. Gainera, 2020 denboraldiko aurrerapena ere egin du.

Abenduaren 8an, igandea, Xenpelar bertsolariaren heriotzaren 150. urteurrena omentzeko emanaldi irekia egingo dute. Kontzertuak 1910 urteko argazki ezagun batean jasotako formatua izangu du: publikoa eta musikariak borobilean elkartuko dira eta erdian bertsolaria eta zuzendaria egongo dira. Emanaldia ibiltaria izango da, Xenpelar Etxetik abiatuta, Foru Plazan dagoen Xenpelarren omenezko estatuara joango da eta Udaletxeko arkupetan bukatuko da.

Ondoren, abenduaren 15ean, haurrak izango dira protagonista. Egun horretan egingo duten kontzertuan zenbait pertsonaiek eta DJ Porruk txikiekin abestu, dantzatu eta jolastuko dute. Sarrerak salgai daude Niessen Kulturgunean, 5 euroan. Ahalik eta lasterren erostea gomendatu dute antolatzaileek, azkar agortu ohi baitira.

Abenduaren 24an ohiko Gabonetako Diana aipatu behar da, eta hainbat Olentzerotan parte hartuko du Bandak.

Urtarrilaren 6an, 12:30ean, ‘Urte Berriko Kontzertua’ eskainiko dute Foru Plazan.

2019 denboraldiaren balantzea

Datorrena aurkezteaz gain, 2019 urtearen balantzea egin du Musika Bandak. Oso balorazio positiboa egin dute, izan ere, 9.800 lagun baino gehiago egon dira kontzertuetan, eta proposamen berritzaileak egiteko esfortzua oso ondo hartu dute entzuleek.

Datorren urtea kontzertuz beteta aurreikusten dute, eta proposamen berriak ekartzen jarraituko dutela adierazi dute.