Sebastian “Latigo” Perez Errenteriako boxeolariak Europar Batasuneko Txapeldun titulua jokoan jarriko du ostiralean

Datorren abenduaren 13an, Sebastian “Latigo” Perez, Errenteriako boxeolaria, Frantziako hiriburu ingurura joango da, zehazki Levallois hirira, eta han bere “Europar Batasuneko Txapelduna Oilar-pisuan” titulua jarriko du jokoan. Titulu hau Errenterian eskuratu zuen 2018ko urriaren 7an.

Aurkari Elie Konki boxeolari frantsesa izango du, lau aldiz Frantziako txapeldun, garaitu gabea, eta Río de Janeiroko Joko Olinpikoetan olinpiarra.

Prentsaurrekoan, Maite Gartzia Kiroletako zinegotziak azaldu du hasera batean Latigok palmares hobea duela, izan ere, errenteriakoak 13 borrokaldi izan ditu eta horietatik 12 irabazi eta 0 galdu, eta bat baliogabetua; beraz, garaitu gabea da. Gogoratu du, gainera, Latigok borrokaldi berean lortu zituela Espainiako eta Europar Batasuneko Txapelketak.

Azkenik, Gartziak eskerrak eman dizkie Latigori eta bere taldeari egiten duten lanarengatik eta dena ondo joatea espero duela adierazi die, oso ondo prestatu baitira.

Boxeolariak, bere aldetik, esan du pozik dagoela Levalloiseko Marcel Cerdan bezalako toki historiko batean lehiatu izateaz, eta gogo handiak ditueta bere karreran pauso hori emateagatik. Halaber, ziurtatu du ondo prestatu dela, bai fisikoki eta bai psikologikoki, bi hilabetetan zehar.

Latigo ez da ahaztu ingurukoei eskerrak emateaz: bere entrenatzaileei, familiari, masajistari, nutrizionistari eta taldeari beti eskaintzen dioten babesa eta laguntza eskertu dizkie. Hain zuzen ere, taldekide asko berarekin batera joango dira bidaian, eta hori oso garrantzitsua da kirolari batentzat.

Azkenik, honako hau adierazi du: “Egin behar dugun lanarekin oso konbentzituta gaude, eta horretarako prest gaude. Aurretik hiru egun ditugu, baina lana egina dago ia osotasunean. Bai fisikoki eta bai psikologikoki prest gaude, eta abenduaren 13an erakutsiko dut eta Konkik nabarituko du.

Azkenik, Latigoren entrenatzaile eta Team Látigo Boxing Club Errenteriaren lehendakari den Sebastian Perezek hartu du hitza eta honako hau adierazi du: “edozein kirolarirentzat oso garrantzitsua da titulua etxean defendatzea. Latigok ez du abantaila hori izango, abantaila hori Konkiri eman behar izan diogu, eta guk 5.000 pertsona izango ditugu kontra, nahiz eta txapendunak izan. Eta ezin dugu titulu hau hemen defendatu Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu genion laguntza ukatu zigutelako. Latigok gogo guztiak jarriko ditu, baina Konkirentzat errazagoa izango da”.

Horrela jarraitu du: “Hau azpimarratu nahi dut askotan emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasunaz hitz egiten dugulako, eta ni naiz hori defendatzen duen lehenengoa, baina kirolen artean ere berdintasuna beharrezkoa da. Kirol guztiek izan behar dute interes bera, eta ezin da batzuetan milaka euro inbertitu eta besteetan bat ere ez. Behin hau esanda, garrantzitsua iruditzen zaidalako, Errenteriako Udalari eta kasu honetan Maite Gartzia Gazteria eta Kiroletako zinegotziari eskerrak eman nahi dizkiot. Izan ere, momentu honetan prentsaurrekoa udal gimnasio batean ematen ari gara, nahiz eta momentuz Team Latigo Boxing ari den hori erabiltzen, eta hori Udalari esker da.

Lehiaketari dagokionez, azaldu du ostegunean joango direla Parisera, eta egun horretan izango dela pisaketa. Bertan, bai Latigok eta bai bere aurkakoak 53,500 kg-ko gehienezko pisua eman beharko dute, oilar-pisu dibisioko pisua, hain zuzen ere. Ondoren, atseden hartzeko aukera izango dute ostiraleko lehiaketa momentura arte.

Entrenatzaileak ziurtatu du erronka handia eta garrantzitsua dela, baina “ondo prestatu gara bigarren gerriko hori ekarri ahal izateko, Latigo Europar Batasuneko bi aldiz txapeldun izendatzeko eta igotzen jarraitzeko, ez Europa mailan soilik, baizik eta mundu mailan. Izan ere, bai kirolarientzat eta baita haien taldeentzat hori izaten da azken helburua, bakoitzaren modalitatean gorenera iristea”.

Azkenik, idatzizko komunikabideei eta hedabide handiei eskatu die boxeoari jarraipen iraunkorragoa egin diezaioten.