Udalak herritarren atari energetikoa kaleratu du, bere eraikinen kontsumoa ezagutarazteko

Atariak Udalaren energia-fakturaren gastua, aurreko urtearekin alderatuta izan duen bilakaera eta beste udalerri batzuekiko alderaketa jakinaraziko ditu. Gainera, Udalaren eraikin eta ekipamendu publiko nagusien kontsumo zehatzei buruzko datuak eta eraikin bakoitzeko berotegi-efektuko gasen (BEG) isurpenak ikusteko aukera ere ematen du. Ekimen honi esker, herritarrek klima aldaketa arintzeko eraikin bakoitzean burututako ekintzak ezagutu ahal izango dituzte, eta udalaren energia-politikez jabetu eta horiek baloratu ahal izango dituzte.

Horrela, azken hiru urteetan udalak bere energia-kontsumoa ia %20ean murriztu duela jakin dezakegu. Murrizketa horren arrazoia da, alde batetik, argiteria publikoan led teknologia instalatzea eta eraikinetan energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko egindako jarduerek eragin dute, eta, bestetik, udalak Jesusen Bihotza Zaharren Egoitzaren kontsumoa bere gain hartzeari utzi diola, Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatu baitu. Gaur egun, antzeko beste udalekin alderatuta, Errenteria eraginkortasunaren rankingean hirugarren postuan dago, biztanleko urteko kontsumoa batez bestekoa baino %28 txikiagoa da.

Webgune interaktiboa eta herritarrentzat irekia

Atarira http://ingurumena.errenteria.eus/eu/ web orriaren bidez sartzen da. Infografien bidez argi eta erraz erakusten du udalaren eta bere eraikinen energia-kontsumoaren eta -gastuaren bilakaera, bai eta gauzatutako energia-politikak ere. Kontsumo datuak egunero eguneratzen dira. Gainera, atariak datuen bistaratzea hautatzeko aukera ematen du, eraikinen kategorien arabera eta kontsumoaren, eraginkortasunaren edo aurrezkiaren arabera bereiziz. Eraikin jakin baten portaera energetikoa ezagutzeko aukera ere ematen du.

Atariari esker, Errenteriako herritarrek hilero euren udaletxeko argindarraren faktura zenbat kostatzen zaien jakin ahal izango dute, eta aurreko urtearekin alderatuta aurreztu duten ala ez. Era berean, beren udaleko energia-kontsumoa beste udalerri batzuetako kontsumoarekin alderatu ahal izango dute, baita atmosferara zenbat CO2 isuri den edo gehien gastatzen duen udal-ekipamendua zein den jakin ere.

Informazioa eta gardentasuna emateaz gain, Atariak aukera ematen dio udalari udalaren energia-politika ezagutarazteko eta kontsumoan eta trantsizio energetikoan sentsibilizazioa sustatzeko.

Formulario erraz baten bidez, herritarrek beren zalantzak eta iruzkinak helarazi ahal izango dizkiete udaleko energia-politikako arduradunei. Gainera, Atariak aukera ematen die herritarrei beren udalak energia-politikan eta klima-aldaketaren aurkako borrokan izan dituen lorpenak sare sozialetan partekatzeko.

Fakturan aurreztu, energia-kontabilitateko sistema bati esker

Ataria 2016an udalak ezarritako informazioaren eta kudeaketa energetikoaren sistemak (SIE) ematen dizkion datuez elikatzen da. Kontabilitate energetikoaren sistema horri esker, Udalak zehatz-mehatz ezagutzen du eraikinen eta udal argiteriaren portaera energetikoa, fakturazio energetikoaren jarraipenari esker.

Sakatu hemen atari energetikoa ikusteko